Loiolako kuartelak babestu behar direla ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Voxen helegitea aintzat hartuta
Epaiak kolokan jarri du Donostiako Udalak lursail horretan egin nahi duen hirigintza garapena. Eneko Goia alkateak sententzia baloratzeko agerraldia egingo du bihar goizean.
Vox alderdi ultraeskuindarraren helegitea onartu eta Loiolako kuartelak babestu behar direla ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Zehazki, kuartelen eraikin multzoa Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) barruan sartu beharko du udalak. EHOBPBaren berrikuspena 2021eko martxoaren 26ean onartu zuen udalak, eta horren kontrako helegitea jarri zuen Voxek. Orduan argudiatu zuten kuartelek Plan Berezian sartzeko baldintzak betetzen zituztela.
EAJk 2020ko azaroan lortu zuen Loiolako kuarteletako lursaila udalaren esku geratzeko akordioa. Madrilen adosturikoaren bidez, udalak Loiolako kuarteletako lursaila Defentsa Ministerioari erosiko lioke, birkalifikatze prozesu bat egin ondoren. Udalaren aspaldiko eskaera da hori, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den lursail bakarra delako. Hogei hektarea inguruko azalera du, eta udalak etxebizitzak egin nahi ditu han. Dena dela, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpen honek nabarmen zaildu du hirigintza garapena.
Donostiako alkate Eneko Goiak iragarri zuen uda iritsi baino lehen aurreikusten zuela Loiolako Kuartelen inguruko akordioa, baina ez dirudi horrela izango denik. Alkateak berak sententziaren balorazioa egingo du bihar udaletxean, 11:00etan.