Saltsa, rock, pop eta tekno erritmoek girotuko dute aurtengo Glad is the Day jaialdia
Bi urteko etenaldiaren ostean, Glad is the Day jaialdia Kristinaeneara itzuliko da abuztuaren 28an. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik koordinatzen dute, eta aurtengoa seigarren aldia izango da. Egitasmoa 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta denbora gutxian erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Donostian.
Doako sarrera izango du, eta hamasei musika taldek eta sortzailek hartuko dute parte jaialdian. Kontzertuak, DJ saioak, piknikak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 11:30ean hasi eta 20:30eraino. Musika ekitaldiak bi gunetan izango dira: Agertoki Nagusian saltsa, pop eta rock estiloak izango dira nagusi; Hondamen Sonikoa izeneko gunean, aldiz, teknoa, trapa, hip-hopa eta soinu urbanoenak izango dira.
Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da, eta askotariko dendak bilduko dituzten 50 postu izango ditu. Hala nola, vintage dendak eta tokiko talentuen sorkuntzak. Gainera, gaurko aurkezpenean Jon Insausti Kultur zinegotziak azaldu duenez, jaialdiaren bezperan, abuztuaren 27an, jaialdia girotzeko aurretiko emanaldi bat egingo da Tabakaleran, Musikagelaren eskutik.
Programa musikala
Agertoki Nagusian honako zortzi taldeek hartuko dute parte: Goxua’n Salsa, Lukiek, Querakt Lahoz, Adios Amores, Lie Detectors, 33EWE, Lurrin eta Teko Maisin.
Talde horiez gain, hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako beste zortzi emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa: Ben yart, Hofe x 4:40, Topanga Kiddo, La Mia Mari, Juicy Bae, Umami, Ttrraaccaa eta MBODJ & Baba Sy.
Antolatzaileek “askotariko publikoarentzat” pentsatutako egitaraua dela adierazi dute, eta jaialdira egunaz gozatzera joateko deia zabaldu dute.