Alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza handitzeko eskatu du ELAk
ELA sindikatuak etxebizitza eskubidea aldarrikatu du gaur goizean, Bulebarrean egindako elkarretaratze jendetsuan. “Espekulazioa eta negozioa bultzatzen duten politiken eta legediaren gainetik egon behar du”, adierazi dute. Era berean, salatu dute etxebizitzak eskubide bat izan behar duela eta ez negozio bat.
“Hego Euskal Herrian 80.000 etxebizitza huts baino gehiago daude, urtean 1.000 desjabetze gertatzen diren bitartean. 2021ean desjabetzeen kopurua %30 igo zen. Gainera, etxebizitzaren prezioa onartezina da: batez beste, metro karratuak 3.000 euro balio du Hego Euskal Herrian, eta horrek alokairuaren prezioaren garestitzean eragiten du. Datu horiek kezkagarriak badira, are kezkagarriagoak dira Donostiako datu zehatzak, alokairuaren batez besteko prezioa Hego Euskal Herriko altuena da, 15,5 euro metro karratuko. Bitartean, 5.000 etxebizitza daude turismorako eta ia 300 pertsona etxerik gabe”, azaldu du ELAk.
Horrez gain, kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela etxebizitza politika publikoaren inguruko planik: “2022an aurrekontuaren %0,2 baino ez da erabili etxebizitzarako, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan baino askoz gutxiago. Alokairu sozialeko etxebizitzetarako parkea %2,6 da soilik, eta Europako batez bestekoa, berriz, % 7,4”. Horregatik, sindikatuak dio alokairu sozialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitu beharko litzatekeela.