Erresidentzietako langileek Gipuzkoako Foru Aldundiari hitzarmen duin bat eskatu diote, 'Gaixoa zu' abestia interpretatuz
Gipuzkoako erresidentzietako langileek 261. greba eguna dute gaurkoa, eta, San Ferminak gaur bukatzen direla aprobetxatuz, ELA eta LAB sindikatuak deituta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu dira instituzioari lan hitzarmen duin bat eskatu eta Gaixoa zu abestia interpretatzeko. Zuriz jantzita etorri dira langileak kamiseta moreak zapi gisa zituztela, eta Gaixoa zu, erresidentzia batera joan behar bazara abestu dute.
ELA sindikatuko Aintzane Orbegozok azaldu duenez, erresidentzien eredua salatzeko elkartu dira gaurkoan. “Aldundia etorkizuneko egoitzek nolakoak izan behar duten eztabaidatzen ari den honetan, salatu nahi duguna da ez dagoela akordiorik langileek behar dituzten lan baldintzak izateko. Bestalde, behin eta berriz salatu dugu Gipuzkoako erresidentzietan dagoen langile kopuruarekin ezin dela gure adinekoek merezi duten zerbitzua bermatu. Hori salatzeko, jarri izan ditugu mahai gainean adibide desberdinak, eta jarri dituzten salaketekin ere argi ikusi da zerbitzua ez dela bermatzen. Langileek ez dute denborarik adineko pertsonez behar bezala arduratzeko”, adierazi du Orbegozok.
Bihar 262. greba eguna egingo dute, eta patronalak “premiazko” negoziaketa mahaira deitu ditu langileak, 09:00etan, Lan Harremanen Kontseiluen egoitzan. “Proposamen berri bat egin nahi digu, baina ez dakigu zer proposatuko digun. Pandemia eta gero konponduta egon behar lukeen gatazka bat oraindik urte luzez mahai gainean dago, eta espero duguna da Gipuzkoako erresidentzietako langileok pobreak izaten ez jarraitzea”, nabarmendu du Orbegozok.
Eñaut Alvarez LABeko ordezkariak salatu du hau ez dela langileen eta patronalaren arteko “lan gatazka soil bat”. “Hau Gipuzkoako jendarte osoari eragiten dion auzi sozial bat da. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erantzukizun osoa dauka gatazka honi irtenbide bat bilatzeko. Egoera jasanezina da, berriz ere covid-a sartu da erresidentzietan, eta horrek muturreko egoera batean jartzen ditu langileak. Beraz, urgentziazko eta behin behineko irtenbide bat beharrezkoa da. Ratioen hobekuntza bat egon behar da lan karga jaisteko, eta lan hitzarmen sektorial bat lan baldintzak berdindu eta zerbitzua duintzeko”, azaldu du.
Biharko bilerari dagokionez, “harrituta” daudela esan du Alvarezek, ez zutelako urgentziazko bilerarik espero. “Uste dugu irtenbidea aurkitzeko negoziazio kolektibo bat egon behar dela, eta hitzarmen bat ere bai lan baldintzak eta zerbitzua duintzeko”, adierazi du.