Kaleratzeak Stop, Alokairu eta Azorako Maizterrak etxebizitzaren arazoari buruzko ezohiko osoko bilkuran izango dira
Datorren astelehenean, hilak 18, Donostiako etxebizitzaren arazoari buruzko ezohiko osoko bilkura egingo dute udaletxean. Han izango direla iragarri dute hiru plataformek.

“Urteak daramatzagu gure hirian duela hamarkada batzuetatik etxebizitza duin eta eskuragarria eskuratzeko eta mantentzeko dagoen bizitegi larrialdiko egoera dramatikoa salatzen. Egoera hori larriagotu egiten dute pandemiak eta energiaren eta elikagaien prezioen inflazio handiak, gizartearen gehiengoaren soldatak eta diru sarrerak geldirik dauden bitartean”, azaldu dute.
Eusko Jaurlaritzak 2021eko bigarren seihilekoko Alokairuen Merkatuaren Estatistikaren azken eguneraketak jasotzen duen datuen arabera, “alokairuaren prezio ordainezinak etengabe igotzen jarraitzen du”. Donostiako batez besteko errenta EAEko udalerri guztietako handiena da –911 euro–, eta metro karratua, berriz, 16,14 eurokoa da; hau da, Donostia estatuko hirugarren garestiena da.
Hori dela eta, ezohiko osoko bilkura “une ezin hobean” iritsi dela adierazi dute, udalbatzak eta udal talde bakoitzak herritarrei azaltzeko zein premiazko neurri hartuko dituzten honako gai hauen inguruan: alokairuaren prezioen igoera geldiaraztea; maizterren batez besteko alokairuei eta batez besteko diru sarreretan oinarrituta, merkatu behartuak dituzten auzoak definitzea, familia gehienek errenten %50 baino gehiago alokairura bidatzen dutela frogatzeko; kasu askotan funtzio sozialera bideratzen ez diren etxebizitza hutsak mobilizatzea, zigortzea eta desjabetzea; udal alokairu parkea (Etxegintza) eta gazte zein adinekoentzako apartamentuak sendotzea, gizarte larrialdietako etxebizitzekin batera; eta 2015eko iraileko osoko bilkuraren konpromisoa indartzea, izan ere, horren bidez, bankuek, inbertsio funtsek eta enpresek pertsona zaurgarrien ohiko etxebizitzen etxegabetzerik ez duela onartuko deklaratzen du Donostiak.