Physis versus Nomos taldearen 'Aurtzaka goaz', Donostiako Piraten abesti berria
Iritsi da Donostiako Piraten 20. urteurreneko kanta ezagutzeko unea. Aurtzaka goaz abestiak gaur ikusi du argia lehenengo aldiz, Donostiako piratak auzolanari tiraka aurrerantz doazela aldarrikatzeko. Beñat Antxustegi da kantuaren egilea, Markel Ormazabal eta Eneko Sierraren laguntzaz. Moldaketa, berriz, Physis versus Nomos talde donostiarrak egin du (Beñat Antxustegi abesten eta gitarrarekin, Unai Pelayo baxuan, Xalba Ramirez baterian eta Eneko Sierra saxofoiarekin).
Sara Zozaya, Garazi Esnaola eta Gartxot Unsain abeslariek ere hartu dute parte proiektuan. Grabaketa eta nahasketa zuzenean egin zituzten Berako Atala estudioetan, ekainean. “Proposamena egin ziguten, eta aurreko urteetako abestiekin alderatuz, zerbait lasaiagoa egitea erabaki genuen. Zuzenean grabatu genuen, analogikoan, eta soinua natural gelditu zaigu”, azaldu dute Physis versus Nomos taldeko kideek. Kolaborazioei dagokionez, “Donostian ibiltzen diren musikari erreferenteak” direla adierazi dute.
Bestalde, aurtengo Donostiako Piraten leloa Biba festa! Biba eraldaketa! izango da. “Festa ez da gertakari isolatu bat, gizartetik edo eguneroko bizitzatik aparte dagoen zerbait. Alderantziz, jaiak harreman sozialen, jarraibide kulturalen eta egiturazko arazoen eszenifikazio bat dira. Ospatzen dituen gizartearen errealitatea islatzen dute, eta, zentzu horretan, errealitate hori iraunarazteko mekanismo gisa balio dezakete. Baina, aldi berean, jaien antolaketan eta partaidetzan garatzen diren harreman- eta lotura-sozialak gizartea eraldatzeko tresnak izan daitezke, baldin eta nagusi diren baloreez bestelakoak badira”, azaldu dute Donostiako Piratek.
Datorren abuztuan hogeigarren aldiz abordatuko dute piratek Donostiako hiria. Horiek horrela, zer hoberik musika baino jai herrikoien aldeko mugimenduaren 20 urteotako ibilerak eta fortunak ospatu eta ezagutarazteko? Physis versus Nomos taldeak zuzeneko kontzertua eskainiko du Aste Nagusian, eta hortxe izango duzue abestiaz behar bezala gozatzeko une egokia.
Honakoa da Aurtzaka goaz kantaren letra:
AURTZAKA GOAZ
Zergatik ez dugu onartzen agindurik?
Ezkila da gure kapitaina
kofradion itsasargi
enbatan dugu gidari
Aingurek lotzen gaituzte itsas hondora
askatzeko boga egin behar
indarrez denen artean
arraunlarien antzera
Ez dugu izan nahi kortsario
ez ginen horretarako jaio
erabakitzen ez badugu itotzen gara
postal honetan gatibu
askatasuna ez digu
kenduko badia hontako gobernariak
Herri bizirik gabeko hiri hontan
haizearen kontra sigi-saga dotore
jauntxoen aurka borrokatuz jaiak
Donostiako Piratak
auzolanari tiraka
Ez dugu izan nahi kortsario……
Abant goaz beti libreki
ezingo gaituzte erauntsi
korrontearen kontra jo arren aurrera goaz
bandera piratak haizatuz
azalean kresala dastatuz
izerdiek merezi dute aurtzaka goaz