Babestutako etxebizitzen eskaera "izugarri" igo dela dio EH Bilduk
EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du babestutako etxebizitzak eraikitzea Donostian, eta legegintzaldi honetan udal gobernuak sustatutako 1.000 etxebizitza eraikitzearen aldeko botoa eman du. “Gogoratu behar da EH Bilduri esker Ilarra eta Infernuko egitasmoetan etxebizitza sozialen ratioak %50era arte handitzea lortu dela. Baina eraikin berria beharrezkoa bada ere, bistakoa da ez dela nahikoa”.
Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko plan integrala behar dela dio udal taldeak, eraikuntzaz gain beste hainbat neurri jasoko dituena: “Alokairuaren prezioa legez mugatzea, alojamendu turistikoen hazkundea izoztea, etxebizitza hutsak alokairutik merkatura ateratzeko neurriak hartzea eta abar. Tamalez, Eneko Goiaren gobernuak neurri horiei guztiei bizkarra eman die orain arte”.
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak eskatuta, hilaren 18an, etxebizitzari buruzko ezohiko osoko bilkura egingo dute. Eneko Goiari etxebizitza publikoetan norabidea aldatzeko eskatuko diote. Gainera, bost neurri jarriko dituzte mahai gainean, “egunean bertan ezarri daitezkeenak, borondate politikoa izanez gero”. Izan ere, Etxebizitzaren Legean jasotako neurriak dira gehienak: “Besteak beste, Donostia etxebizitza behar eta eskaera egiaztatuen eremua izendatzea eskatuko dugu, horrek, beste neurri batzuen artean, alokairuaren prezioak mugatzeko aukera emango bailuke”.
“Etxebizitza larrialdia”
Donostiak egunetik egunera pairatzen duen “etxebizitza larrialdia” okertzen ari dela dio EH Bilduk. “Prezioen igoeraz gain, alokairuko etxebizitza babestuen eskariari buruzko azken datu ofizialak oso kezkagarriak dira: ia 20.000 donostiarrek etxebizitza bar behar dute. Argitu behar da Donostiako Etxegintzak onartutako eta barematutako eskaerak direla”.
Udal Gobernuak eman zuen alokairu sozialeko etxebizitza eskatzaileen azken kopurua 7.000 ingurukoa zen, 2021. urtearen hasieran, “Txomiñeneko alokairu sozialeko etxebizitzak adjudikatu aurretik eta zerrenda zaharrak garbitu ondoren”. Urtebete luzean kopuru hori “izugarri” igo dela gaineratu dute. “Pandemiaren ondoren eskaera nabarmen igo da EAE osoan, baina inon ez Donostian bezala”.