Elkanoren estatua nomada
Elkano itsasgizon getariarraren omenez egindako lehenengo estatua Getariako portuaren gainaldean dago gaur egun, baina 36ko gerran Donostiara ekarri zuten, zertarako eta munizioak egiteko; azkenean, Karmengo Ama Birjinaren ermitaren kanpoaldean jarri zuten.

Juan Sebastian Elkano itsasgizon getariarraren omenez egindako monumentu zaharrena Antonio Palao artistak (Murtzia, 1824 – Zaragoza, 1886) sortutako brontzezko estatua bat da, 1861ean marinelaren jaioterriko portuaren gainaldean kokatu zutena. Gaur egun hantxe jarraitzen du, eskua zabalik duela, herritarrei eta bisitariei itsasoa non dagoen erakusten. Baina estatua hori ez da beti hor egon, izan ere, 36ko gerraren hasieran, Donostiara ekarri zuten.
Elkanoren brontzezko irudia urtzea zen asmoa hasiera batean, munizioak egiteko. Baina estatua hutsik zegoen barrutik, eta biltegi batean gorde zuten, harik eta, 1941eko uztailaren 16an, Baleares gurutzaontziko marinelen omenez, Pasealeku Berrian Karmengo Ama Birjinaren ermita inauguratu zuten arte.
Espainiako Armadako gurutzaontzi astuna izan zen Baleares. 36ko gerran frankistek erabili zuten, eta 1938ko martxoaren 6an Palos Lurmuturreko guduan hondoratu zen, errepublikazaleen torpedoek jo ondoren. Orotara, 761 tripulatzaile desagertu ziren itsasoan, eta, horietako asko gipuzkoarrak ziren.
Goiko argazkian ikus daitekeenez, Elkanoren estatua Karmengo Ama Birjinaren ermitaren ondoan kokatu zuten, Palos Lurmuturreko guda hartan desagertutako gipuzkoarren izenak zeramatzan plaka batekin batera.
Itsasgizon getariarraren omenezko estatua hainbat urtez egon zen bertan, ermitako zaindaria balitz bezala, baina hori ez zen bere lekua, inondik inora ere. Azkenean iritsi zitzaion etxera itzultzeko ordua: 1975ean, Francisco Franco diktadorea hil zenean, Getariara eraman zuten berriro ere.