Kaiko erraldoi berriak gogotsu dantzatu dira kaleetan zehar
Udarekin batera, Donostiako auzoetako festak etengabeak dira astez aste. Kaiko Karmengo jaiak atzo hasi ziren, eta aurten berezitasun bat dute: bi erraldoi berri batu zaizkie festara. Lehenagotik beste bi dituzte, eta, atzo, lehenengo aldiz, lau erraldoiak batera dantzatu ziren kaleetan zehar festei hasiera emanez.
Erraldoi berri horiek egiteko diru-bilketa kanpaina bat abiatu zuten duela dezente, baina festetarako iritsi zaizkie. “Hemendik aurrera, gurekin geratuko dira”, esan du jai batzordeko kide batek. Gaur goizean, erraldoi berri horiek Fermin Calbeton kaleko Matia Fundazioaren egoitzako aiton-amonengana eraman dituzte. Ondoren, Parte Zaharreko kaleetan dantzatu dira, herritarrek eta kaleetan zebiltzan kanpotarrek gustura grabatzen zituzten bitartean. Giro polita jarri dute erraldoiek, eta goiza girotzeko oso baliagarriak izan dira gaurkoan ere.