"Kontxako badia munduko igerilekurik onena da"
Carlos Santanak 82 urte ditu, eta uztailaren 24an Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egingo du igerian, 50. aldiz. Gaztetan hasi zen, eta ordutik ez du sekula kirol hori utzi. Donostiako Atletiko klubeko bazkidea da, eta bertan elkartu gara gaur arte egin duen ibilbidea errepasatzeko.
Noiz hasi zinen igeri egiten?
Lehenengo zeharkaldia 1954an egin nuen, Urumean, 14 urterekin. Hori izan zen nire lehenengo norgehiagoka. Ordutik, gaur arte, igerian jarraitu dut; beraz, gutxi gorabehera 68 urte daramatzat gelditu gabe.
Igeri egiten duzunean, zer gustatzen zaizu gehien?
Igeriketak sentsazio bikaina sortzen dit. Nik uste dut, eta honetaz ulertzen duten askok ere esaten dute, igeriketa lesio gutxien sortzen dituen kirola dela. Uretan flotatzen duzu, irristatzen joaten zara, eta gozamena da, batez ere, munduko igerilekurik onenean: Kontxako badian. Entrenatu eta dutxatu ondoren, indarberrituta joaten naiz etxera. Erabat erlaxatzen naiz horrela.
Zenbat urte daramatzazu Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian parte hartzen?
49 edizio egin dira, eta guztietan hartu izan dut parte. Azken bi urteetan ez da egin, baina aurten 50. aldia izango da. 25. edizioa egin zutenean, garaile guztiak eta 25 edizio horietan parte hartu genuenak gonbidatu gintuzten, eta 25 horietan guztietan parte hartu zuen igerilari bakarra ni izan nintzen. Orain 50. zeharkaldia egingo dut, azkar esaten da. Osasuna izatea funtsezkoa da urtez urte ondo sentitzeko eta parte hartu ahal izateko. Nik 82 urte ditut, eta, orain arte, osasunak ondo erantzun dit. Zorionekoa naiz egunero ohetik minik gabe jaiki naitekeelako.
Irabazi al duzu noizbait itsas zeharkaldi hori?
Ez, sekula ez dut irabazi. Lehenengo edizioetan jende gutxi ateratzen ginen, hamabi edo hamabost pertsona inguru, eta bigarren edo hirugarren postua eskuratzen nuen, baina inoiz ez naiz irabaztera iritsi. Esan didate 50. edizio honetan 3.000 igerilarik baino gehiagok hartuko dutela parte. Txandaka irtengo gara, ezinezkoa izango litzatekeelako guztiok batera irtetea. Duela 15 edo 20 urtera arte, zeharkaldi hori Getariatik abiatzen zen, eta Zarauzko portuan amaitzen zen. Gaur egun, ordea, Zarauzko hondartzaraino egiten da. Pixka bat luzeagoa da ibilbidea.
Zeharkaldiaren lehenengo edizioan zure semea jaio zen, baina berdin-berdin hartu zenuen parte.
Burugogorkeriagatik egin nuen. Ez dakit nola jakin nuen lehenengo Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia antolatzekoak zirela. Lehen, urte askoan zehar, uztailaren 25ean egiten zen beti, Santiago egunez. Ba, justu egun horretan, goizaldean, nire bigarren semea jaio zen: Carlos. Bide batez, esan beharra daukat aurten nirekin batera hartuko duela parte zeharkaldian. Nire semea 05:00etan edo 06:00etan jaio zen. Ni ospitaleko logelan nengoen nire emaztearekin, eta 10:00ak aldera, gutxi gorabehera, esan nion parte hartuko nuela. Getariara joan nintzen, igeri egin nuen, logelara itzuli nintzen, eta lehenengo domina erakutsi nion. Ez zidan oso aurpegi ona jarri, baina nik parte hartu nuen, eta, gero, denborarekin dena ahazten da.
Noiz eta nola erabaki zenuen Donostiako Atletikoko bazkide egitea?
Beti erakarri izan nau klubak, eta duela urte asko egin nintzen bazkide. Gaztea nintzenean, dagoeneko existitzen ez zen klub bateko bazkidea nintzen: Amaikak Bat, egoitza Aldamar kalean zuena. Kaian kai-mutur motzago bat dago, eta, udan, Fortunako eta Amaikak Bateko egurrezko etxolatxo bana jartzen zuten. Hor entrenatzen genuen udan, hormatik hormara 25 metro igerian. Orduan ez zegoen itsasontzirik portuko uretan, eta egokia zen entrenatzeko. Gero, Donostiako Atletikon eman nuen izena.
Nola ari zara prestatzen zeharkaldirako?
Egun hauetan egiten ari naizena ondorengoa da: Kontxan uretan sartu, eta Nautikoko haitzetaraino joaten naiz igerian. Gero, berriro hondartzara itzultzen naiz. Gutxi gorabehera, 40 minutu egiten ditut igerian egunero. Beste batzuetan, ordubete ere egiten dut. Abiadura handirik ez dut harrapatzen, adinean aurrera noalako, baina ondo mantentzen naiz, eta ondo eusten diot. Zeharkaldi oso luzeak ere egin izan ditut, sei ordu eta erdikoak luzeenak, Nautikotik Pasaiara eta buelta.
Neoprenoarekin entrenatzen duzu?
Ez, ezer gabe. Badaukat, baina ez zait gustatzen janztea. Orain gainera, udan, uraren tenperatura igo egiten da, eta gozamen hutsa da bainujantziarekin bakarrik entrenatzea.
Santana kafetegiko nagusia ere bazara. Orain zure semeak darama, baina noiz edo noiz laguntzen al diozu negozioa aurrera eramaten?
Lehen, duela zenbait urte, joaten nintzen berari laguntzera goizetan. Beti izan naiz pertsona aktiboa, eta ez zait gustatzen geldirik egotea. Hara joaten nintzen, eta gero entrenatzera etortzen nintzen hondartzara, eta goiza hegan joaten zitzaidan. Ez nintzen aspertzen, hori da gakoa. Adinean aurrera zoazenean, ariketa egin behar da burua argi izateko. Zeharkaldi luzeak egin izan ditudanean, duela ez horrenbeste urte, senitartekoek eta lagunek esaten zidaten zoratuta nengoela. Nik entzun egiten nien, baina banekien parte hartzen banuen, helmugara iritsiko nintzela.
Zer izan da ostalaritza zuretzat?
Kafetegia dagoen tokian, nik beste negozio bat neukan. Urteak pasa ahala, lan hori utzi nuen, eta beste zerbait jartzeko hainbat aukeren artean egon ginen. Azkenean, kafetegia jartzea pentsatu genuen, eta nire semeak hartu zuen ardura. Ostalaritza ez da nire ogibidea izan, baina denborarekin ikasteko aukera ere izan nuen. Nik lehen neukan negozioan elikagaiak saltzen nituen. Oso ezaguna zen, eta leku guztietako bezeroak etortzen ziren.
Eta zein da zure egunerokotasuna gaur egun?
Gosalduta etortzen naiz entrenatzera. Igeri egin ondoren etxera joaten naiz, eta eguerdian emaztearekin irteten naiz egunero, erosketak egitera edo paseatzera. 14:00ak aldera etxera itzultzen gara bazkaltzeko. Bizitza osoan jan izan dut jarri izan didatena, oso jatun ona izan naiz beti. Eta, badakit txarra dela, baina ardoa gaseosa pixka batekin edatea ere asko gustatzen zait.
82 urte dituzula esan duzu lehen. Osasuntsu sentitzen al zara?
Bai, ondo nago. Ez 20 urteko pertsona bat bezala, gaitasunak gutxitzen joaten direlako, baina oso ondo nago. Ezin naiz ezertaz kexatu.
Eta zein da horrela mantentzeko sekretua?
Gustatzen zaionari igeri egiteko esango nioke, eta ez uzteko inoiz. Egunero egin behar da igeri pixka bat, itsasoan ez bada, igerilekuan. Horrez gain, dieta osasuntsua mantentzea ere garrantzitsua da. Nik gosaldu ondoren bazkalordura arte ez dut ezer jaten normalean, eta arratsaldean ere ez dut ezer jaten afaltzeko unera arte. Gutxi afaltzen saiatzen naiz, bestela asko gizenduko nintzatekeelako.
Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egin behar duen pertsonarik helduena zara?
Bai, askogatik gainera. Asko harritu egiten dira, baina ez dut uste zeharkaldi hau oso luzea denik. Ikusiko dugu ea egun horretan nolako itsasoa dagoen, izan ere, gogoratzen dut egin nuen azkena gogorra egin zitzaidala. Ni azkenengo taldearekin atera nintzen, eta haizearekin itsasoa asko harrotu zen. 100 pertsona inguru itsasontzietara igo behar izan ziren, baina nik helmugara iristea besterik ez nuen buruan, eta lortu nuen azkenean.
Bakarrik egingo al duzu igeri aurten, edo norbaitek lagunduko dizu?
Antolakuntzakoek esan didate pertsona bat piraguarekin joango dela nire alboan, eta, horrez gain, gomazko txapel bat eramango dut, beste kolore batekoa, jendeak ni naizela jakiteko. Iristen naizenean omenaldi txiki bat edo horrelako zerbait egingo didatela ere esan didate, baina nire helburua iristea izango da, eta horrekin oso pozik egongo naiz. 51. edizioan ateratzeko gai izatea ere nahiko nuke.