Maskotak? Animalien trafikoa: espezieak desagertzearen negozioa
Etxe-animaliak eta maskotak entzuten dugunean, lehen kolpean, bat-batean, irudi maitagarriak datozkigu burura, eta askok etxean izan ditugun animaliatxo sinpatikoekin gogoratzen gara. Horien komertzioak, ordea, beste errealitate gordin asko dakartza: mafiak eta merkatu beltzak, espezie ugari desagertzeko zorian jartzearena, heriotzak, gaixotasunak, animaliak naturan askatzearenak edota kanpoko espezie inbaditzaileena.

Globalizazioa izan den heinean, orokorra da animalien komertzioa, baina gurean ere eragina handia bade, zuk uste baino gehiago gainera. Klima krisiak eta gerrek eragindako migrazioek pertsonen trafikoaren gorakada handia eragin du, baina animaliena are handiagoa izan da, armen edo drogen trafikoaren atzetik etorrita ere, emendio ikaragarria izan baitu azken urteotan, ikerketa baten arabera % 40-60 inguru hazi delarik. Estatu mailan soilik urtean 8.000 eta 20.000 milioi euro mugitzen dituela kalkulatzen da. Eta pentsa, munduan ezagutzen diren ornodun 5 espezietatik 1 salerosten da.
Egun, denda espezializatuetan eta batez ere internetez ia denetarik eros daiteke, zorrozki babestuta egonda ere. 5.579 espezie dira merkaturatzen direnak, baina beste 3.196 bidean egon litezke. Horrek guztiak galzorian dauden espezieen zerrenda luzatu baino ez du egiten, batzuk iraungitzeraino eramanez eta beste batzuk naturan, libertatean, desagerraraziz.
Ondorioak biodibertsitatean eta animaliengan
Esan bezala, fauna espezie batzuk desagertzera eraman dezake eta asko dira kinka larrian utzi dituenak, baina eraginak harago doaz kasu batzuetan, espezie horien habitatak suntsituz eta kaltetuz, eta zeharka askoz espezie gehiagorengan eraginez. Gainera harrapatutako animaliak beraiek ikaragarri sufritzen dute gehienak komertziorako bidean hilez. Tropikoetarako kalkulatzen da harrapatutako 10 animalietatik soilik bat iristen zaiola bezeroari.
Animalien trafikoak gaixotasunak kutsatzeko eta izurriteak zabaltzeko arriskua ere badakar, espezieen mailakoak zein espezieen artekoa, zoritxarrez pandemiarekin ederki konprobatu ahal izan dugun bezala. Berriki penintsularen hegoaldean Afrikako barraskilo erraldoiak azaltzen hasi dira, eta gure garunean ostatu har dezaketen parasito batzuen bektore izan daitezke.
Jatorrizko bizilekuetan kalte eta gurean naturan askatuz gero beste hainbeste edo gehiago, espezie arrotz inbaditzaile bilakaturik. Honezkero zerrenda luzea dugu bisoiarekin, koipuarekin, ibai karramarro amerikanoekin, Floridako dortokekin edota arrain gorriekin. Haiek zabaltzen hasi zirenetik, bertako espezie ugariren populazio osoak desagerrarazi edo galzorian utziz.
Animaliak izatearen ardura
Ez da lehenengo aldia horrelakoak plazaratzen dituguna eta orain arte azaldutakoa ez da berria. Hala eta guztiz ere, esan bezala, animalien salerosketa gorantz doa, gurean ere bai. Zoritxarrez, era berean naturan askatutako animaliak gero eta gehiago dira, batzuk ohikoak Floridako dortokak eta arrainak gisara, baina badira beste exotiko eta arraroago batzuk. Hemen ez da krokodilorik jaso, baina bai ia bi metroko pitoi sugeren bat.
Basa faunak bere medioan, bere habitatean, bizi behar du, eta han bezala ez dela beste inon biziko ziurta daiteke. Ez gaituzte behar bizirik irauteko, izaki bizidunak dira, ez pelutxe, amuleto edo arimagabeko kutuna. Gugana iristen bada, bere ongizateaz arduratu behar dugu. Lehenengo gauza litzateke jakitea espeziea, nondik datorren, babestuta dagoen… Esandakoa, basa fauna ez erosi eta naturatik zeuk ez hartu. Baina batez ere, sekula santan ez askatu animaliarik naturan! Begi-bistakoa dirudiena etengabeko arazo iturri da tamalez.
Donostiako urmaeletan arrainak eta dortokak
Gure parkeetan bertako fauna dugu, nekez bizirik irauten duena. Anfibioen populazioak esaterako desagertzen joan dira, gelditzen direnak minimoetan egonik. Aiete eta Kristinaeneako urmaeletan ohikoak dira arrainak eta dortokak, baina baita Miramonen edo Zubimuxun. Horietako batzuetan tarteka «garbiketa» egiten da, baina arazoari urteetan ez zaio irtenbiderik eman, salmenta jarraituz eta kontzientziazioa landu gabe. Biodibertsitatearen galeraz hitz egiten dugunean maiz hemen ere gertatzen dela ahazten zaigu, etxe ondoan eta gure kausaz. Kanpoko espezie inbaditzaileak arrazoi nagusietako bat dira. Zenbat borrokatu dugu hegoaldeko zuhaitz-igeltxoa salbatzeko, eta oraindik mehatxuak isilpean datoz. Izan ere Igarako Errotatxoko putzuan norbaitek beste behin arrainak askatu ditu, ugaldu eta urak bete dituztenak bertako anfibioak, igeltxoa barne, larriki kaltetuz. Noiz arte?