Tasa turistikoa ezartzea beharrezkoa dela berretsi du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiaren ustez, premiazkoa da turismoaren beherakada prozesu bat abiatzeko beharra mahai gainean jartzea. Haizea Garai zinegotziak dio udal gobernuak hiriko turismoa “kontrolik gabe” haztea ahalbidetzen dutela: “Turismoak hiriko bizitzan duen eragina izugarria da, eta horren adibide argia da etxebizitzaren eta oinarrizko produktuen prezioen igoera, hondakinen sorrera handiagoa, mugikortasunaren hazkundea edo natura ingurunearen suntsipena, turismoarekin zuzeneko lotura duten jarduerak garatzeko planifikatutako proiektuen bidez eta, ondorioz, klima larrialdiaren egoeran”.
Hori dela eta, udal taldeak berriz ere eskatu du udalak tasa turistikoa ezartzea. “Aurreko legegintzaldian, hirian tasa turistiko bat ezartzeko eskatu genuen, Irabazi Donostia koalizioaren bidez. 2019ko apirilean lortu genuen udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzea legezko tresna bat onar zezala, udalak tasa turistiko bat aplikatu eta udal kutxetan sartu ahal izan zezan, baina ez da ezer aurreratu”, kritikatu du Garaik.
Tasa turistikoaren onurak nabarmendu ditu Elkarrekin Donostiako zinegotziak: “Alde batetik, turismoak hirirako oinarrizko zerbitzu publikoetan eragindako gastuak konpentsatzen lagunduko luke. Eta bestetik, baliabide ekonomiko horiek klima larrialdiari eta krisiari aurre egitea ahalbidetuko duten politiken zerbitzura jarri beharko lirateke”.