Udaberrirako prest egongo da Amara Berriko Ikasketa plaza berritua
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Amara Berriko Ikasketa plazak lanak aurrera doaz, eta bete beharreko epeak betetzen ari dira. Horrela jarraituz gero, obra 2023ko lehen hiruhilekorako bukatua egotea aurreikusten du udalak.
“Obren kronograma aldatu zuen geldialdiaren ondoren, udalari dagozkion lanak erritmo onean egiten ari dira aurrera orain, eta plaza hori, urte erdi bat baino pixka bat gehiago iraganda, eginda egongo da, eta batez ere oinezkoen alde bihurtuta”, azaldu du Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuetako zinegotziak.
Duela ia bederatzi hilabete, plazaren zoladura altxatu behar zutenean, hainbat pitzadura eta egiturazko kalte batzuk ikusi zituzten auzotarren garajeen sabaian –plazaren azpian daude–. Orduan, garajeak konpontzeko eta horien iragazgaiztea hobetzeko akordioa lortu zen. Konponketak eginda, udalak plaza birgaitzeko proiektuari ekin zion berriro. Plazak 3.200 metro karratuko azalera du, eta triangelu forma. Felipe IV.a, Baleazaleen eta Eustasio Amilibia kaleen artean dago.
Triangelu horren aldeetako batean, Eustasio Amilibia kalera ematen duenean, hormigoi eskuilatuzko zorua jarri dute, zimurtsua, labainkadak saihesteko, bai eta zerrenda beltzak ere. Beste alboetako batean, Felipe IV.a kalera ematen duenean iragazgaizte lanetan aurreratzen ari dira, eta laster dagokion kofratua jarriko da, hormigoia botatzeko.
Eraikuntzei itsatsita, plaza inguratzen duen espaloi osoa errematatu beharko da. Bertan, zoladura altxatu beharko da, eta garajeen jabeekin koordinatu asfaltozko geruza jartzeko, tarte horiek iragazgaiztea bermatzearren.
Proiektuaren xehetasunak
Obraren proiektua FRL Arquitectos enpresak diseinatu zuen, eta 704.258 euroko aurrekontua du. Aparkatutako auto gutxiago eta oinezkoentzako toki gehiago izango dituen plaza aurreikusten du proiektuak.
Erdiko partean, altuen dagoen partean, aurreko itxitura eta eskailera mailaren ordez harmailak jarriko dituzte, esertzeko ere erabili ahal izango direnak. Eremu horretara sartzeko bi arrapala izango dira, %8ko malda izango dutenak, eta haurrentzako jolastoki bat egingo dute. Gainera, aparkalekuko sarbide zaharrak, itxiak eta hormigoizkoak zirenak, kendu eta, horien ordez, kristal eta altzairuzko batzuk jarriko dira, ikusgarriagoak.