Karmengo Ama Birjina itsasora itzuli da
Karmengo Ama Birjinaren Eguna da gaur, eta ospakizun berezia egin ohi dute kaian, itsasoa bizibide izan dutenak omentzeko eguna baita. Gaur, inoiz baino gehiago, itsasoari begira ospatu dute eguna. Pandemia urteetan ezin izan dute ospakizunik egin, eta aurten, berriz egin ahal izan dute itsas prozesioa. Karmengo Ama Birjina eraman dute badian barrena Satanas Bi ontzian. Haren atzetik joan dira Isturiz ontzian Donostiako Udaleko Txistulariak, abesbatza bat, Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti zinegotzia. Beste hainbat ontzik ere bat egin dute itsas prozesioarekin.
Aurten hil diren arrantzale eta saregileak izan dituzte gogoan uretan, eta loreak bota dituzte uretara, eta abesbatzak Agur jaunak kantatu du ondoren. Prozesioan bildu diren ontziek sirena jo dute, eta txaloak ere entzun dira.
Irutxuloko Hitzak uretatik jarraitu du itsas prozesioa Oribay Tours-eko Iñaki Alberdiri esker. Irudiak: Joseba Parron San Sebastian.