Zubietako erraustegian zer gertatzen ari den jakin nahi dute
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Arkaitzerrekako isurketak salatzeko elkarretaratzea egin du gaur Zubietako plazan.
Asteazkenetik Zubietako Arkaitzerreka ibaia kutsatuta dago. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko Fernando Iturralde isurketaren jarraipena egiten ari da, eta salatu du erraustegiaren azpitik errekara doan hoditik aparra ateratzen dela. Ura nabarmen zikindu du, eta oxido kolorekoa da. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak isurketak salatzeko elkarretaratzea egin du gaur Zubietako plazan.
Markel Olano ahaldun nagusiari eskatu diote erraustegian gertatzen ari dena argitzeko, erantzun argiak emateko. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu du ez dela Arkaitzerreka kutsatzen duten lehen aldia, eta irregulartasunak, lege hausteak, istripuak eta kutsadura behin eta berriz gertatzen ari direla, eta beti direla herritarrak hauen berri ematen dutenak.
Uste dute “ez dagoela inor” erraustegian gertatzen dena kontrolatzeko: “Gipuzkoa gainezka dago erraustegia kontrolatu dezaketen eta kontrolatzeko obligazioa duten funtzionario, agintari eta profesionalez. Baditugu kolore guztietako poliziak, ingurumena zaintzeko agentzia publikoak, ahoa ‘gobernantzaz’ eta ‘gardentasunez’ betetzen duten enpresa publiko eta pribatuak, herritarrei egia kontatzen omen diotela harro esaten duten agintari politikoak… baina arriskuz betetako erraustegi bat kontrolatzeko orduan, ez dago inor. Inor ez dago begira, inor ez zerbait gertatutakoan alerta jotzeko, inor ez susmagarriak kontrolatzen…”.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ohar baten bidez adierazi duenez, Arkaitzerrekako isurketa ez duela erraustegiak eragin. Era berean, laginak aztertzen ari direla gaineratu dute, eta emaitzak jakin bezain laster jakinaraziko dituztela.