Altxamendu faxistaren biktimak omendu dituzte Donostian
Donostiako Errepublikarrak taldeak deituta, Espainiako II. Errepublikako gobernu demokratikoaren aurkako altxamendu faxistaren biktimei omenaldia egin diete Donostian. Ijentea kalean elkartu dira, altxamendu faxistaren eta diktaduraren biktimen omenezko monolitoan. Hain zuzen ere, gaurko egunez, duela 86 urte, altxamendu frankista gertatu zen, eta milaka herritarren aurkako jazarpena eta errepresioa hasi zen faxistek kolpe militarra egin zutenean.
Esther Piñeirak manifestu bat irakurri du ekitaldian: “Gogoan ditugu gerran hildako edo altxatuen ondorioz fusilatutako emakume eta gizonak, askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik bizia eman zutelako. Diktadura frankistaren botere berri eta legez kanpokoengatik era batera edo bestera errepresaliatu zituztenak gogoratzen ditugun bezala”, adierazi du. Salatu du milaka pertsona jazarri zituztela afiliazio politiko edo sindikala, ideiak, sinesmenak, hizkuntza edo beste aukera pertsonal batzuengatik, hala nola, sexualitateagatik. Kongresuan onartutako Memoria Demokratikoaren Legearekin aurrerapausoak izan direla uste dute, baina oraindik lan asko dagoela egiteko nabarmendu dute.
Ondoren, Miguel Hernandezen Vientos del pueblo me llevan eta Tristes guerras eta Concepcion Ruizen Poemas para la memoria, mujeres de los rojos olerkiak errezitatu dituzte. Charo Rodriguez errepublikazaleak irakurri ditu. Donostiako Errepublikarrak elkarteko kideez gain, Ezker Anitzako ordezkariak, Euskadiko Partidu Komunistako kideak eta Errenteriako Pikoketa errepublikazaleen taldeko kideak ere izan dira bertan.