Udalak joan den astean gertatutako bi sexu eraso salatu ditu
Aurreko astean gertatutako bi eraso salatzeko adierazpen instituzionala egin dute Donostiako udal taldeetako bozeramaileek.
Lehendabiziko erasoa ostegun gauean gertatu zen. Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu zuen bere bikotea erasotzen saiatzeagatik eta tratu txarrak behin eta berriro emateagatik.
Bigarrena, ostiraletik larunbaterako goizaldean, 6:30ean, izan zen. 31 urteko emakume bat etxera zihoan Erdialdean, eta 26 urteko gizonezko baten erasoa jasan zuen, etxe atarian hainbat ukitu egin baitzizkion. Bertan biktimarekin borroka egin zuen. Gertu zegoen Udaltzaingoaren patruila batek gertakariaren berri izan zuen, eta erasotzailea lekuan bertan atxilotu zuen.
Emakumeak hainbat zauri zituen borrokaren ondorioz, eta ospitalera eraman zuten. Erasotzailea Udaltzaingoaren polizia-etxera eraman zuten, eta behar ziren diligentziak egin ostean, epailearengana eraman zuten. Epaileak erasotzailea kartzelara sartzeko agindua eman zuen.
Gertakari horien jakitun, udalak adierazpen bateratu bat argitaratu du gertatutakoa “erabateko irmotasunez” salatzeko. Era berean, “babesa eta elkartasuna” adierazi dizkiete eraso “tamalgarri” horien biktimei, bai eta bere familiei eta ingurukoei ere. “Udalak indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero, udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela”, nabarmendu dute.
Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren “adierazpenik higuingarrienak” direla adierazi dute, eta udalak guztiak gaitzesten dituela esan dute. “Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”, adierazi dute.
Udalak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du bihar, uztailak 19, udaletxe aurrean eta hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.