Manifestazio antitaurinoa egingo dute abuztuaren 13an, Illunbeko zezenketen aurka
Duela gutxi sortu berri duten Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak iragarri du Illunbeko zezenketen aurkako manifestazioa egingo dutela abuztuaren 13an. Donostiako Bulebarretik abiatuko da, 18:00etan, eta Plataforma Antitaurinoa osatzen duten taldeek eta norbanakoek hartuko dute parte. Horien artean daude, esate baterako, Eguzki, Donostia Antitaurinoa Orain, PACMA, Elkarrekin Ahal Dugu, Astikat, EH Bildu Donostia, Egiako KM. 0 jatetxea, Bihotzetik elkartea, Katulagun Azkoitiko elkartea eta Gipuzkoako animalien harrera-etxea.
Manifestazioaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute Donostiako Udaletxean, eta Eguzkiko Ainhoa Jauregik eta PACMAren jarraitzaile Pilar Otegik manifestu bat ere irakurri dute. “Manifestazioa antolatu dugu aurten ere udalak, herritarron borondateari jaramonik egin gabe, Illunben zezenketak egitea ahalbidetu duelako. Udal gobernuak berak enkargatzen dituen inkesten bitartez, ondo baino hobeto daki herritarrok gai honi buruz zer iritzi dugun: zezenketarik ez!”, adierazi dute.
Halaber, salatu dute udalak “ez duela inolako gogorik” herri galdeketa bat egiteko, debekuak ezarri zuen oztopoa gainditzeko. “Are gehiago, salatu nahi dugu debeku horren atzean ezkutatzen dela zezenketetan duen erantzukizuna saihesteko”, nabarmendu dute.
Plataformaren ustez, “tamalgarria” da Donostiako Udalak festetan animaliekiko tratu txarrak onartzea, “zezenketarik nahi ez duten herritar gehienen iritziaren kontra”. Hala ere, esan dute ez dela nahikoa zezenketak festetako programa ofizialetik ezabatzea. “Udalaren esku dago zezenketa gehiago ez egitea, eta, hala ere, jarraitzen du onartzen eta erraztasunak ematen”, adierazi dute.
Defendatu dute jendarte “moderno” batek ezin dituela animaliekiko tratu txarrak onartu. “Ez dugu amore emango historiaurreko sarraski edo odoluste hori gure herrietatik desagerrarazi arte”, esan dute. Kontuan izan behar da, Gipuzkoan, Donostiaz gain, Deban, Azpeitian eta Zestoan ere oraindik zezenketak egiten dituztela.
Zezenketak onartzen dituzten Gipuzkoako beste zenbait herritan jarduteko asmoa ere baduela adierazi du plataformak, eta herritar guztiak manifestazioan parte hartzera deitu dituzte.