Osakidetzak Donostian eskaintzen dituen zerbitzu guztiak bermatzeko eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk ohartarazi duenez, Osakidetzaren Donostiako zerbitzuak “kinka larrian” daude Eusko Jaurlaritzak harturiko erabakiengatik. “Egoera, ordea, ez da berria, eta ez, ez da pandemiaren errua; osasun publikoaren desegitea ez baitzen Donostian pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Eta ondorioak donostiarrek pairatzen dituzte”, azaldu dute.
Udari dagokionez, Osakidetzak zerbitzu batzuk murriztea ohikoa iruditzen zaio EH Bilduri, baina uda honetan gertatzen ari dena bereziki larria dela gaineratu dute. “Donostia Ospitaleko larrialdietako langileek salatu dutenez, %20 hazi da pazienteen arreta eskaera, beste zerbitzu batzuen itxieraren ondorioz, eta baliabide nahikorik ez dutenez, paziente batzuek 10 ordu igaro behar dituzte itxarongelan”.
Azken hilabeteotan, maiz eztabaidatu dute gai honen inguruan udal batzorde eta bileretan. Hiriko anbulatorioetako eta osasun zerbitzuetako murrizketen eraginez, hainbat gabezia sortu direla dio EH Bilduk: “Zorroagako egoitzako udal plazetan dauden adineko pertsonentzat Osakidetzako medikuen jarraipen falta; Intxaurrondoko zentroan pediatra plaza bateko murrizketa eta hitzorduen atzerapena; osasun mentaleko zerbitzu publikoen saturazioa hirian, Gaztedi eta beste elkarte batzuen salaketaren bidez, Amara Berri auzo elkarteko kideek salatutako auzoko anbulatorioan pediatra euskaldun baten falta; Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak sinaturiko atxikimendu hitzarmenaren betetze falta eta bularreko unitatearen desegitea, eta abar”.
Gaur egun, hiriko osasun etxeetan “izugarrizko profesional gabezia” dagoela nabarmendu du udal taldeak. “Ondorioz, profesional batek gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea. Horri guztiari gaineratu behar diogu Txomineko osasun zentro berria egin gabe jarraitzen duela, eta Bidebietak eta Altzak espezialitate eta larrialdi zerbitzu falta dutela, hurrenez hurren”.
Horiek horrela, EH Bilduk biharko osoko bilkurara lau puntuko mozio bat eramango du udalbatzak Eusko Jaurlaritzari hainbat eskaera egiteko. Lehenik, urte osoan zehar, uda sasoian barne, eskatuko diote berma ditzala kalitatezko eta murrizketarik gabeko hiriko osasun sistema publikoko zerbitzu guztiak. Bigarrenik, Donostian lehen arretako zerbitzua eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala. Hirugarrenik, lehenbailehen hastea planeamenduan aurreikusitako Txomiñeneko osasun zentroa eraikitzeko lanei. Laugarrenik, hiriko ekialdeko osasun guneetan dauden gabeziei erantzuna eman diezaiela, eta, bereziki, Bidebietako osasun zentroko espezialitate faltari eta Altzako larrialdi zerbitzu faltari.