Parte Zaharreko ostalaritza establezimendu batzuek etenak izan dituzte hornidura elektrikoan
Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak agerraldia egin du gaur goizean, Iberdrola konpainiak Parte Zaharreko ostalari batzuei eragindako kaltearen berri emateko. Zehazki, hornidura elektrikoa eten da bost aldiz ekainean eta uztailean zehar. Portu kaleko eta Kale Nagusiko ostalaritza establezimenduak, saltokiak eta bizilagunak izan dira kaltetuenak. Batez besteko iraupena hiru ordu ingurukoa izan dela nabarmendu dute, “jende gehien biltzen den bazkarien eta afarien ordu tarteetan”.
Hornidura elektrikoaren etenak establezimenduetan eragin zuzena izan duela adierazi du elkarteak: “Hozkailuek funtzionatzeari uzten diote eta produktu iragankorra galdu egiten da; kobratzeko sistemak alferrikakoak bihurtzen dira eta erregistratutako informazioa desagertu egiten da, labe eta sukalde elektrikoak itzali egiten dira, argiak ez du funtzionatzen eta horrek guztiak lehen mailako galera ekonomikoa dakar, baita elikagai produktuen xahuketa ere”. Kalteturiko ostalaritza establezimendu batek pilatu duen galera 8.000 eurotik gorakoa dela gaineratu dute.
Iberdrolak ez du arazoa konpondu, eta lau asteko itxaronaldiaren ondoren, Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak jasandako kalte ekonomikoaren erreklamazio bateratu bat koordinatzea erabaki du. Erreklamazio horrek ez du bide judiziala baztertzen. Erreklamazio prozesu hori aurrera eramateaz arduratuko den abokatu taldea Sunion bulegoa izango da, bere garaian, COVID-19aren pandemian sektorearen interesak defendatzeaz arduratu zena.
“Parte Zaharreko ostalaritza establezimenduei, elkartekide izan edo ez, eta aipatutako hornidura etenen eragina jasan dutenei, dei egiten diegu elkartearekin harremanetan jar daitezen, sustatzen dugun erreklamazio bateratuan sar daitezen”, esan du elkarteak. Era berean, sektorea babesteko eta bitartekaritza lana egiteko eskatuko diete hainbat erakunde eta pertsonei. Esaterako, Eneko Goia alkateari.