Urtarrilera arte itxita egongo da Larrotxene, hobekuntza lanak egiteko
Kultur etxearen irisgarritasuna egokitu eta Larrotxene Bideo eremuko gailuak eta instalazioak berrituko dituzte.
Uztailaren 29tik aurrera itxita egongo da Larrotxene. Sei hilabetez berrikuntza lanak egingo dituzte Intxaurrondo kaleko eraikinean. Lanen kostua 950.000 eurokoa izango da. Lehenik eta behin, espazio guztiak irisgarriak izateko obrak egingo dira. Igogailu bat jarriko dute martxan, komunak egokituko dituzte, eta eraikinean dauden oztopo arkitektonikoak konponduko dituzte. Bestalde, Larrotxene Bideo zerbitzuko instalazioak eta ikus-entzunezko gailu eta materialak berrituko dira.
Espero dute 2023ko urtarrilerako lanak bukatzea, eta urtarrilaren bukaeran kultur etxean ohiko programazioa berreskuratzea. Bitartean, Larrotxeneko jarduera batzuk Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak Intxaurrondo kaleko 54. zenbakian duen lokalean egingo dituzte. Beste batzuk, Intxaurrondo kultur etxean eskainiko dira, hala nola liburutegia edo Larrotxene Bideoren prestakuntza eskaintza, lanen aholkularitza eta beste jarduera batzuk. Liburutegiko dokumentuen itzulketak obra bukatu arte luzatuko dira. Bestela, Intxaurrondoko liburutegian edo buzoian itzuli ahal izango dira.
Larrotxene kultur etxearen historia
Larrotxene baserria zena da gaur egungo Larrotxene kultur etxea. 1984an Donostiako Udalak lau kultur etxe egiteko asmoa zuen, eta eraikin honen jabetza eskuratu zuen, Intxaurrondon kultur etxe bat egiteko. Eraberritzeko eta egokitzeko obra batzuen ondoren, kultur etxe bihurtu zuten eta 1987an inauguratu zuten. 2011n Intxaurrondo kultur etxea inauguratu zuten, auzoaren hazkundeak eragindako beharrak asetzeko.