"Niretzat ohorea da piraten 20. urteurreneko kantua sortu izana"
Beñat Antxustegi musikari donostiarrak Physis Versus Nomos taldearekin batera egin du 'Aurtzaka goaz' abestia.
Duela egun batzuk aurkeztu zuten Donostiako Piraten hogeigarren urteurreneko abestia. Horren harira, Berria egunkariak Antxustegi elkarrizketatu du. Berak sortu du kantuaren musika, eta hitzak beste musikari batzuen laguntzarekin idatzi ditu. “Piratek proposatu zidaten kantua egitea, eta ilusio handiz heldu nion proiektuari”.
Hona hemen elkarrizketaren pasarte batzuk:
Urte biribila da aurtengoa piratentzat. Zer da zuretzat hogeigarren urteurreneko abestia sortzea?
Niretzat ohorea da. Piratei hasieratik erreparatu izan diet; hasi zirenean, 13 urte nituen, eta gazte garai guztia bizi izan dut Donostiako Piratetan ateratzen. Niretzat ohikoa da piratetan ateratzea, eta lagun pila ditut bertan ateratzen direnak. Ilusio handia egin zidan kantua egiteko proposatu zidatenean.
Abestiaren bidez, piratek auzolanean tiraka jarraitzen dutela helarazten duzu. Zergatik mezu hori?
Kantua egiteko orduan, aurreko bi kantuetako ideiak hartzen saiatu nintzen, Mundu berri baten mapa (2012) eta Donostiako Piratak (2004). Mezu hori, 2012. urteko kantuak ondo deskribatzen du, eta, azken batean, hori da piraten filosofia: lana auzolanean egiten bada, denon artean eta elkar lagunduz, gauza handiagoak lor daitezke.
Aurtengo abestia lasaia da, zergatik erabaki duzu estilo horren alde egitea?
Lasaia ez dakit, baina azkenekoa baino lasaiagoa seguru. Hasieran, kantuaren hezurdura bat egin nuen, eta lehen hori, azken emaitza baino askoz lasaiagoa zen. Gero, lokalean entseatzen, rock zantzua eman genion, baina, guk esaten dugun bezala, rocka eta poesia uztartzen saiatu ginen. Gainera, iruditzen zait duela hamar urtekoaren estilokoa egin izan bagenu ez lukeela funtzionatuko. Gaur egun, oro har, uste dut gauza lasaiagoek gehiago erakartzen dutela gizartea.
Kantuaren sortzailea zu zara, baina musikari gehiagok ere parte hartu dute kantuan. Nondik dator kolaborazio hori?
Bai, nik egin nuen kantua, eta, hitzak sortzen, berriz, Markel Ormazabalek eta Eneko Sierrak lagundu zidaten. Ideiak bidali nizkien, eta beraiek zuzenketak bidali zizkidaten, eta aldaketak proposatu. Ondoren, Physis versus Nomos taldeko kideei erakutsi nien, eta denok batera azken aldaketak egin genizkion. Hortik atera genuen azken estruktura, eta, hori lotua izanda, kolaboratzaileei deitu genien. Ilusio handia egin zigun Sara Zozaia, Garazi Esnaola eta Gartxot Unsainekin lan egiteak, Donostian ibiltzen diren musikari erreferenteak baitira guretzat.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Ez genuen denbora asko izan lan egiteko. Lehenengo hilabetea kantua fintzeko erabili nuen; ondoren, taldekideekin entsegu batzuk egin nituen, ez asko, lau inguru, eta, azkenik, estudiora eraman genuen grabatzera.
Gustura gelditu zara azken emaitzarekin?
Bai, oso pozik nago azken emaitzarekin. Beti daude zuzenduko zenituzkeen gauzak, baina egia esan ni oso pozik nago, eta taldekideak ere hala daude. Orain egingo bagenu, gauza batzuk aldatuko genituzke, baina guztiz ez genuke aldatuko, nahiko ondo dago.