Piratek lortu dute udalak lehen arreta profesionala ematea sexu erasoak salatzen dituzten emakumeei
Donostiako Piratek udalari baliabideak eskatu dizkiote jai seguruak bermatzeko, eta ardura hori bere gain hartzeko exijitu diote. Berdintasun Sailekoekin hainbat bilera egin ondoren, azkenean lortu dute Donostiako Udalak erasoak jasaten dituzten emakumeentzako arreta profesionala eskaintzea. Gaur udalbatzarrean adostu da zerbitzu hau bermatzea Donostiako Aste Nagusian.
Aste Nagusian Donostiako Piraten puntu morea erreferentziazko gune bihurtu da, eta jendeak piraten gunetik kanpo gertatutako erasoak salatzera ere jo du haiengana. Urtez urte “gertutasunezko” arreta eskaini dutela azaldu dute, baina uste dute erasoak jasaten dituzten emakumeek merezi dutela baita ere profesionaltasun eta segurtasun osoz artatuak izatea. Eta hori da hain zuzen ere udalari exijitu diotena. Hainbat bilera egin eta gero, udala zeregin honetan inplikatzea lortu dutela iragarri dute: “Lehen aldiz, sexu erasoen inguruan propio hezitako profesionalak jarriko ditu udalak puntu moreetan”. Horrela, Bulebarrean izan ohi duten informazio gunean artatze eta salaketa beharrei ere erantzungo die lehen aldiz.
Piratek urteak daramate eraso sexistei aurre egiteko protokoloa lantzen, eta puntu moreak erreferentzialtasun handia lortu du. Aurtengo Aste Nagusiari begira jarri direnean, aurretik izan dituzten esperientziak oinarri hartuta, ondorioztatu dute sexu erasoak jasaten dituztenek gertutasunezko tratua emango duten gune seguruak lehenesten dituztela, eta bide klasikoak (polizia etxea, larrialdietako zenbakia…) “arrotzak” izan daitezkeela zaurgarri sentitzen den emakumearentzat. Horregatik uste dute, piraten gunetik kanpo gertatutako erasoak salatzeko ere jo dutela askotan haiengana, eta horrek erakusten duela “hiri mailan behar hau asebete gabea zela”.
Piratek adierazi dute arreta “botere publikoek asebete beharrekoa dela”, eta horregatik, proposamen zehatz bat egin diote udalari: “Puntu moreetan gertutasun, integraltasun eta profesionaltasun osoz eskaintzea arreta”. Piratek azaldu dute udalak onartu duela lehen arretaren hutsuneari heldu eta orain arteko planteamenduari buelta bat ematea. “Bulebarrean izan ohi dugun informazio guneak lehen aldiz artatze eta salaketa beharrei ere erantzungo die”.
Aurrerantzean ere arreta osoago eta feministago bat artikulatzeko konpromisoa adierazi du piraten mugimenduak: “Piratok jarraituko dugu kaiko gunean, baina baita Donostia osoan ere, inolako erasorik gabeko jaiak izan ditzagun lanean”.