Donostiako Klasikoak partaidetza esanguratsua izango du
Hilaren 30ean jokatuko da 41. Donostiako Klasikoa, eta gaur egin dute aurkezpen ofiziala udaletxean. Guztira, 24 taldek parte hartuko dutela iragarri dute, eta behin-behineko partaidetzari erreparatuta, txirrindulari ezagunek parte hartuko dute. Hala nola, Jonas Vingegaard jokoan den Tourreko liderra, haren taldekide Wout Van Aert, Julian Alaphillipe eta Remco Evenepoel lasterketaren irabazleak, Alejandro Valverde beteranoa, Neilson Powless iazko garailea eta Mikel Landa.
Ibilbidea iazkoaren berdina izango da, nahiz eta azken hiru kilometroetan aldaketa txiki bat egin duten, San Martin kaleko norabide aldaketa dela eta. Alderdi Ederretik abiatu eta Bulebarrean bukatuko da, 224,8 kilometro egin ostean. Bidean sei mendate gainditu beharko dituzte. Horietatik, Jaizkibel, Erlaitz, eta, batez ere, Igeldoko Murgil tontorra izango dira erabakigarrienak.