Giza kroketa txapelketa Amarako jaietara itzuliko da
Egitaraua prestatzea "kostatu" egin zaiela aitortu dute jai batzordeko kideek, baina azkenean lau eguneko programa prestatzea lortu dute. Berritasunik ez badago ere, arrakasta gehien duten ekitaldiak mantendu dituzte; tartean, nola ez, auzoko festei ospea ematen dien giza kroketa txapelketa
Datorren astean ospatuko dituzte Amarako jaiak, uztailaren 28tik 31ra, Easo plazan. Bi urteko etenaldiaren ondoren, egitaraua antolatzea “pixka bat gehiago” kostatu zaiela aitortu du jai batzordeko Itziar Gomez-Cruzado kideak, baina, azkenean, jarduerez beteriko lau egun izango dituzte auzoan.
Azken urteetako egitaraua hartu dute oinarri gisa, eta horri tiraka hasi ziren apirilean guztia antolatzen. “Egitaraua antolatzen sei pertsona inguru aritu gara, eta gazte asanbladak ere hartu du parte Gazte Egunaren antolaketan”, azaldu du Gomez-Cruzadok. Horrez gain, auzoko taberna eta establezimenduek ere laguntzen dutela gaineratu du: “La Bodeguilla eta Urban tabernetan, adibidez, kontzertuak antolatu ditugu jaietan. Beste denda batzuek sariak eskaintzen dituzte pala txapelketarako, muserako edo dena delarako. Horrez gain, haurrentzako txokolate janerako hainbat okindegik ematen dizkigute behar ditugun osagaiak”.
Jaiak, izatez, uztailaren 31ren bueltan antolatzen dituzte, eta egun gehiago izan ohi dira. Aurten, egunak gutxitzea erabaki dute. “Lau egun bakarrik genituenez, eta pixka bat kostatzen ari zitzaigunez, modu sinpleago batean saiatu gara antolatzen. Hala ere, ohikoak diren jarduerak mantendu ditugu”, nabarmendu du.
Jaien bereizgarria
Egitarauan berritasunik ez dagoen arren, auzotarrei lasai egoteko deia egin diete jai batzordeko kideek, Amarako jaietako giza kroketa txapelketa ospetsua nahitaez egingo baitute uztailaren 30ean, 00:30ean.
“Ezagutzen ez duenari oso bitxia iruditzen zaio. Flipatu egiten dute, dantzaldiaren erdian egiten dugulako. Betiko erromeria edo berbena taldeak ez direnean, harrituta geratzen dira”, aitortu du.
Amarako giza kroketa txapelketa bakarra da hirian. Dantzaldiko atsedenaldian zerrautsez betetako zakuak botatzen dituzte plazaren erdian. Lehenago, parte hartuko duten pertsonen zerrenda bat osatzen dute, eta, lurrean arrastaka zerrautsez beteta, giza kroketa bihurtzen dira. “Helburua ahalik eta modu originalenean edo gogotsuenean zerrautsaren gainean bueltaka ibiltzea da. Batzuk mozorrotu egiten dira, beste batzuek dantza egiten dute, eta bakoitzaren alkohol mailaren eta jarreraren arabera, desberdina izaten da”, aitortu du.
Momentu hori “oso polita eta berezia” izaten dela nabarmendu du, eta hain berezia denez, gero inork ez du dutxa bat hartu nahi izaten garbitzeko: “Horrela jarraitzen dugu parrandan. Sinbolikoki, erratza pasatzen dugu plazan jendeak bertan dantza egiten duelako, baina parte hartzaileek berdin berdin jarraitzen dute festan. Hurrengo egunean dutxatzen zarenean, leku guztietatik ateratzen zaizu zerrautsa [barrez]”.
Gainerakoan, egitaraua askotariko publikoarentzat egiten saiatzen dira. Ostiralean Gazte Eguna egiten dute, eta, esan bezala, gazte asanblada arduratzen da hori antolatzeaz. Bestalde, haurrentzat antzerkiak eta txokolate jana izango dira, besteak beste. “Orain arte bazkaria ere antolatzen genuen haurrentzat, baina aurten kendu egin dugu, igandea lotzea kostatu egin zaigulako”, esan du. Eta helduentzat eta publiko guztiarentzat ere badira jarduerak egitarauan: sardina jatea, herri bazkaria, mus txapelketa, herri kirolak eta danborrada, adibidez.
Azken horretan izena eman nahi duenak La Bodeguilla tabernan egin dezake. “Jendea ari da izena ematen, eta, norbaitek nahiko balu, hobe azkar ibiltzea. 34 upel ditugu, eta 31 hartuta daude dagoeneko, beraz, ez dago leku gehiegi. Danborretarako, aldiz, ez dago arazorik”, gaineratu du.
Entseguak datorren astean izango dira, astelehenean, asteartean eta asteazkenean, 20:00etan, frontoian.