Kolore askotako musika
Uda giro ederreko goiza irten zen Jazzaldiko bigarren egunean. Azken urte hauetan San Telmo museoko klaustroan pianoarekin bakarka egiten diren goizeko saioetako txanda Vadim Neselovskyi piano jotzaile ukrainarrarena izan zen, bere jatorriko hiriaren izenarekin Odessa Suite aurkezteko. Adierazi zuen bere bizitzako hainbat pasartetan oinarritutako eta berak sortutako obra joko zuela, mugimendutan banatuta (Odessako tren geltokia, negua Odessan, Odessako musika kontserbatorioa…) eta berak komunikatzeko erosoen menperatzen duen hizkuntzan, musikarekin alegia.
Kontzertu bizia eta gogorra izan zen, sentimendu nahasiak eta dramatikoak transmititu zizkidan, gaur egun han gertatzen ari denarekin bat zetozenak. Piano jotzaile aparta da Neselovskyi eta jazzeko izen handiekin aritzen da, bere proiektu pertsonalaz gain (John Zorn, Gary Burton…). Toki aparta da San Telmoko eszenatokia musika gertu gertutik sentitzeko.
Arratsaldean Kursaaleko auditorio nagusian Calexico talde estatubatuarrak festa ederra sortu zuen hasieratik bukaerara. Beraien ezaugarria den rock estatubatuarra eta eragin latinoen nahasketan oinarritutako errepertorioa eskaini zuten. Manu Chao, Ry Cooder, Marc Ribot, Amparanoia eta De Pedro artisten oihartzunak iristen zitzaizkidan. Azken bi hauek, gainera, beraiekin lan egindakoak dira, Kaki Arkarazo Negu Gorriakeko kide eta musika ekoizlea bezalaxe. Aurrenengo ilaretan zegoen bera, eta kontzertuaren hasieran Joey Burns taldeko liderrak “Hola Kaki!” oihukatuz agurtu zuen. Borobila izan zen beraien interpretazioa, instrumentu desberdin asko menperatzen dituzten maila handiko musikariez osatutako taldea da, oso orekatua soinu eta giro desberdinak sortzerakoan. Auditorioa zaleez beteta zegoen eta dantzan bukatu zuten gehienek. Festa handia izan zen.
Gauean Zurriolako hondartzako agertokian aurtengo Jazzaldia saria jaso duen Mulatu Astatke musikari etiopiarra ikusi genuen. Afrikako doinuak ekarri zituen Zurriolara, Etiopian hain modu berezi eta erakargarrian erabiltzen dituzten melodia horiekin. Aspalditik entzun izan dut bere musika, batez ere Ethiopiques 4 disko zoragarria. Mendebaldeko grooveak Afrikako erritmo hipnotikoekin nahastuz sortutako musika eskaini zuen bere musikari taldeak lagunduta. Donostiarrok noizean behin behintzat merezi dugun uda giroko gau zoragarriari musika jartzeko aukera ederra izan zen Mulatu Astatkeren proposamena.
Ukrainatik Arizonara eta Mexikotik barrena Etiopiara egindako bidai musikal eta kolore askoko udako egun zoragarria izan zen, dena hemen, etxean.