Sukar hemorragikoa duen pertsona bat eraman dute Donostia ospitalera
Krimea-Kongoko sukar hemorragikoarekin kutsatutako pertsona bat artatu zuten atzo Donostiako ospitalean, Osakidetzaren arabera. Nairobirus izeneko birus batek eragiten duen gaixotasuna da Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa, eta kutsatuta dagoen akain baten ziztadaz transmititzen da, nagusiki.
Pazientea egonkor dagoela jakinarazi dute, baina ospitaleak abian jarri ditu “segurtasun eta isolamendu handiko baliabide bereziak” eta Segurtasun Biologiko Handiko Unitatera eraman dute. Bertan ingresatu ohi dituzte “gaixotasun infekzioso larriak” dituzten pazienteak.
Orain arte, kutsatutako pertsona hori Bierzoko (Leon) ospitalean zegoen, baina Osakidetza paziente hori hartzeko prest agertu da, Osasun Ministerioak hainbat unitateri egindako deiaren ondoren.