Tourreko garaikurra Paristik Euskal Herrira bizikletaz ekarriko dute iraupen luzeko bi lasterkarik
Igandean, hilaren 24an, bukatuko da aurtengo Frantziako Tourra, Parisko Eliseoko zelaietan. Datorren urtekoa, berriz, Euskal Herritik abiatuko da. Hori dela eta, 2023ko Grand Départ Pays Basque egitasmoaren antolatzaileek erronka berezi bat aurkeztu dute gaur Donostian. Hain zuzen ere, hilaren 24an, Tourreko garaikurra Paristik Euskal Herrira ekarriko dute bizikletaz Julian Sanz eta Ziortza Villa iraupen luzeko lasterkariek.
Tradizioaren arabera, Parisen Tourra bukatzean, hurrengo urteko irteeraren arduradunak lekukotza hori irudikatzen duen garaikurra hartzen du. Orain arte, truke hori Frantziako hiriburuan egin izan da, garaikurra helmugara eramanez ohiko bideetatik, hegazkinez edo autoz. Oraingoan, ordea, zeharo desberdina izango da.
Hilaren 24an, Sophie Hæstorp Andersen Kopenhageko (Danimarka) alkateak Tourreko garaikurra emango dio Juan Mari Aburto Bilboko alkateari. Honek, Sanz eta Villa txirrindulariei emango die Euskal Herrira ekar dezaten. Helburua 48 ordu baino gutxiagoan 1.000 kilometro betetzea. Zazpi kidez osatutako laguntza talde batek eta berariaz erronkarako errotulatutako hiru ibilgailuk lagunduta, bi ziklistek hilaren 24an ekingo diote erronkari, 20:00ak aldera Eliseoko Zelaietatik. Euskal Herrira hilaren 26an iristea aurreikusten dute, eta bidean Donostian, Gasteizen eta Amorebieta-Etxanon jarritako tarteko helmugak gaindituko dituzte, azkenik, Bilbora iristeko.
Hiri horietako bakoitzean agintariek egingo diote harrera espedizioari. Ipar Euskal Herritik Irunera iritsiko dira, eta 9:50 inguruan Donostiara iristea aurreikusten dute. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Kursaalaren aurrean ongietorria egingo diete, eta eraikineko fatxada horiz argiztatuko da horretarako.
Zuzeneko jarraipena
Ibilbide hau zuzenean jarraitu ahal izango da estreinatu berri den Grand Départ Pays Basque 2023 webgunean instalatutako tracking plataforma baten bidez: www.letour.euskadi.eus. Atarian sartzean eta garaikurra forma duen ikono bat klikatzean, pantaila bat irekiko da, espedizioaren igarotzea une oro ezagutzeko eta sare sozial integratuen bidez berrikuntzen berri izateko.
Bi txirrindulari hauek Eliseoko Zelaietan jasoko dute garaikur hori, uztailaren 24an, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik, honek jaso ondoren, eta ia gelditu gabe ekarriko dute Euskadira, bizikleta gainean.