Iggy Popek Kursaala lehertu du

Ezin zen okerrago hasi: Iggy Popen zale baten abenturei buruzko Stooge film dokumentalaren hogei bat minutuko promozioko trailerra proiektatzen hasi da rockaren izarrak Kursaalean eskaini behar zuen emanaldia, ingelesez eta azpititulurik gabe. Jendeak Iggy Pop ikusi nahi zuen, 80 euro ordaindu ditu, eta horregatik, hasiera-hasieratik txistuka aritu dira auditorioan bildutako zaleak. Gainera, hogei minutuko promozioaren ondoren, hamabost minutuko atsedenaldia egin dute; zertaz hartu behar zen atseden?
Jendeak ez zuen ezer ulertzen, baina azkenean, horren guztiaren ondoren, Iggy Pop eta bere banda oholtzara atera dira, eta Kursaala zutik jarri da. 75 urterekin, Iggy Popek forma ezin hobean jarraitzen duela erakutsi du, ordu eta erdi pasatxoko emanaldi oso bizia eskainiz, ia geldialdirik egin gabe, une oro agertokia alde batetik bestera bere ibilera berezi horrekin zeharkatuz, punketik rockera eta pop-rockera erraztasunarekin igaroz eta noizean behin jazz kutsuko doinuak joz, bere azken diskoan, Free-n (2019), egin duen moduan. Hasiera ulertezin horri buelta eman dio artista estatubatuarrak, bere banda apartaren laguntzarekin.
Hasiera hipnotikoa izan du kontzertuak, Sarah Lipstate gitarristaren solo batekin, iluntasunean, eta tarteka gitarra biolin baten antzera joz. Ordea, hipnotismo hori hautsi du Iggy Popek oholtza zapaldu duenean, eta Kursaaleko auditorioak eztanda egin du: Thibaur Brandalisen bateria indartsua, denbora guztian presente zeuden Florian Pellissierren teklatuak eta Sylvian Rubyren baxua ziren oinarria, baina Lipstateren eta Gregoire Fauqueren gitarrek dardarka jarri dute aretoa, eta Leron Thomasen tronpak eta Corey Kingek tronboiak izugarrizko gorputza eman diote kontzertuari, baita noizean behin jazz ukituak ere, Lipstateren gitarrarekin batera. Hori guztia, noski, Iggy Popen ahots nekaezinaren atzean, estatubatuarrak dena utzi baitu agertokian.
Hirugarren abestirako, jaka kendu du abeslariak, eta orduan bai, hori Iggy Popen kontzertu bat zen, bere ezaugarri guztiekin. The Stoogesekin jotzen zuen garaiko abesti bat edo beste jo du Iggyk, haren zale amorratuen gozamenerako; esaterako, See that cat-ekin Kursaala dantzan jarri du. Ez dira faltatu, era berean, bere abesti ezagunenetako batzuk, esaterako, Lust for Life eta, nola ez, The Passenger. Azken hori lehenengo notatik azkeneraino abestu du goraino beteta zegoen Kursaalak, artistaren beraren gozamenerako: “That’s fuckin’ beautiful”, esan du.
Iggy Popek dena uzten du bere kontzertuetan, eta hori argi gelditu da emanaldian: emanaldia amaitzeko hogei bat minutu gelditzen zirenean, abesten ari zen bitartean, estropezu egin du eta lurrera erori da, aurpegian kolpe handia jasoz. Kezka izan da nagusi une batez auditorioan, baina musikariek jotzen jarraitu dute, eta handik bi minutura Iggy berriz mikrofonoaren aurrean zegoen, abesten eta barrez.
Iggy Popen ahotsa eta energia izan dira kontzertuko protagonista nagusiak, bera baita izarra, eta gainera justizia egiten diolako izar izaera horri. Horrela ere, tarteka bandako kide batzuen solo batzuk izan dira, zein baino zein hobea, ondo inguratuta baitago estatubatuarra. Oholtzatik irten direnean, jendeak ez zuen alde egiteko asmorik: “Beste bat, beste bat!”. Eta, noski, berriz irten dira Iggy eta bere musikariak balada mantso baina eder bat egiteko eta kontzertua Such and destroy-rekin amaitzeko, jendea dantzan jarriz berriz ere.
Kontzertu gutxirengatik merezi izaten du 80 euroko sarrera bat ordaintzeak, eta Iggy Popen emanaldiaren hasieran batek baino gehiagok dirua zaborretara bota duela pentsatu badu ere, promozioak alde batera utzi eta jotzen hasi direnean, argi gelditu da: Iggy Popengatik merezi du.