This Is The Kit eta Vintage Trouble taldeak igoko dira gaur Zurriolako oholtzara

Jazzaldiak aurrera jarraitzen du, eta asteburua ere kontzertuz betea dator. Gaurkoan, This is the kit eta Vintage Trouble taldeak igoko dira Zurriolako oholtzara.
This Is The Kit proiektua Kate Stablesena da; Parisen bizi den britainiar honek, kolaboratzaile-talde batez inguratuta, indie-folk estilo pertsonal bat lantzen jardun du, izaera erritmiko eta literario sotilekoa, bere positibotasun dotorearekin hunkiaraztea xede duena. Bere lehenengo bi diskoek ‒Krulle Bol (2008) eta Wriggle Out The Restless (2012)‒ ez zuten oihartzun handirik izan; bere hirugarren lanak ‒Bashed Out (2015)‒, ordea, kritika espezializatuaren goraipamenak jaso eta This Is The Kit artista gailenen gonbidatu izatera eraman zuen ‒The National, Iron & Wine, Sharon Van Etten eta Herman Dune, besteak beste‒.
Vintage Trouble taldea honakoek osatzen dute: Ty Taylor (ahotsa), Nalle Colt (gitarra), Rick Barrio Dill (baxua) eta Richard Danielson (bateria). 2010ean eratutako laukote kaliforniar honek, 49 Jazzaldian kontzertu “ahaztezina” eskaini zuen. Eurek “soul primitiboa” deitzen dioten horretan aritzen da Vintage Trouble; dantzaren eta gitarraren indarra alde guztietatik darion musika soinu garaikide batera ekarrita, 50 eta 60 urteetako soul, rhythm and blues eta rock & rolla uztartzen dituena.
Gaurko gainontzeko artistak honakoak dira:
Sofiane Parmart, Moises Sanchez, Daahoud Salim Quintet, Lucia Fumero, Iggy Pop, Musika Eskola Big Band, Caligrama, The Excitements, Louis Cole, Steve Coleman & Five Elements, J-Silk, Bruce Barth Trio & Terell Stafford eta Trio Zemi.