Añorgako hainbat gazte eta bizilagun egurrezko parke bat egiten ari dira haurrentzat
Egurrezko parkeak 'Dabilen herria' izeneko proiektuarekin du lotura. Añorgako gazteek auzoarekiko atxikimendua sortzeko abiatu zuten.
Gaur goizean hainbat gazte eta auzotar elkartu dira Añorgan, auzolanean umeentzat egurrezko parke bat eraikitzeko, errepidearen eta futbol zelaiaren artean dagoen berdegunean. Añorgan hamabi urte daramatzate parkerik gabe, trenbidea eraiki zutenean bota zutelako.
Egurrezko parkeak Dabilen herria izeneko proiektuarekin du lotura. Añorgako gazteek auzoarekiko atxikimendua sortzeko abiatu zuten. “Udaleku ibiltariekin hasi ziren, eta gazteek monitore lanak egiten zituzten. Horiek monitore izateari uzten ziotenean, ikusi genuen zerbait behar zutela umeekin elkarlanean jarraitzeko, eta beraiek umeentzat parke bat diseinatzea egokia litzatekeela pentsatu genuen”, adierazi du Eneko Sierra auzotarrak.
Proiektua martxan jartzeko, Amassorrain ikastolarekin prozesu bat abiatu zuten gazteek. “Ikastolako haur guztiak gune honetara etorri ziren, eta proiektatzen aritu ziren nola jolastuko zuten bertan. Hortik joko proposamen batzuk atera ziren, baina azkenean arkitektura enpresa batek egin behar izan du proiektua guk eman dizkiegun datuekin”, azaldu du Sierrak.
Hiru eremutan banatuko dute egurrezko parkea. Batean bi kubo egongo dira, zuhaitzen artean txabola bat egingo dute, tipi bat ere egongo da, eta lasai eserita egoteko eremua ere izango du parkeak. Horrez gain, oreka mantentzeko joko eremu bat ere eraikiko dute. Kimu Bat arkitektura estudioak diseinatu du parkea.
Egurrezko parkea Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurrenaren ospakizun egunean inauguratuko da, abuztuaren 27an.