Espiritualtasunetik trantze saiakerara
Amina Claudine Myersek 50eko hamarkadako gospelarekin menderatu zuen Trinitate plaza, eta Ben Lamar Gayk ikusleak trantze batera eraman nahi izan zituen, jazzarekin nahastutako doinu afrikarrekin.
Jazzaren, bluesaren eta, oro har, musika beltzaren garapena ezin da ulertu gospela gabe, AEBetako eliza afroamerikarretako koruetatik atera baitziren XX. mendeko bluesaren, soularen eta jazzaren izar asko. Horrela, Amina Claudine Myersek sustraietara jo zuen igandean Trinitate plazan (bere hainbat diskotan egin du hori, gospelera eta doinu afrikarretara joz), Richarda Abrams, Jeanette T. Carter eta Chinyelu Ingram koristen laguntzarekin. Generations 4 izenarekin igo ziren oholtzara, aipatu hiru abeslariak iraganean Claudine Myersekin lan egindako abeslarien seme-alabak direlako; horrela, gospelaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa irudikatu zuten. Claudine Myersen pianoa eta lau ahotsak, taularatze oso soil batekin, nahikoa izan ziren 1950eko hamarkadako gospelaren errepaso eder bat egiteko; une oro, emakumezkoen gospel taldeek egindako musika aldarrikatu zuten bereziki.
Lehenengo minututik, espiritualtasunez bete zuten Trinitate plaza Arkansasko (AEB) musikari beteranoak, Swing Low, Sweet Chariot; We Are Climbing Jacobs Ladder; God Has Smiled On Me eta Low Is The Way abestiekin, besteak beste. Azken abesti hori The Staple Singersena da, eta haiek ahotsekin eta gitarrarekin egiten zuten moduan, gospel ahotsak pianoko blues doinuekin uztartu zituen kontzertuaren zenbait unetan Claudine Myersek, nahiz eta gospela izan zen nagusi, nabarmen.
Donostiako Jazzaldia Saria jasotzetik zetorren Claudine Myers, eta bera zen izarra, baina bai Abramsek, bai Carterrek eta bai Ingramek bakarlari gisa abesteko aukera izan zuten, hainbat unetan. Abramsek era Carterrek erraztasunez bere egin zuten Trinitate plaza ahots nagusiaren rola hartu zutenetan, gospelean esperientzia handia eta ahots apartak dituztelako. Aldiz, Ingramek, abestu zituen piezak duintasunez defendatu bazituen ere, ez zen bere kideen mailara iritsi bakarlari gisa.
Claudine Myersen bi abesti propiorekin amaitu zuten emanaldia: Do You Wanna Be Saved eta Call Him. Lehenengoaren zati handi bat soilik ahotsekin interpretatu zuten, pianorik gabe, eta erakutsi zuten euren ahotsekin nahikoa eta sobran dutela. Horrela ere, Arkansaskoaren pianoarekin osatu zuten abestia, eta, une batzuetan, soul kutsua hartu zuen piezak. Erritmo handiagoarekin amaitu zuten emanaldia, gospel blues kutsuko Call Him piezarekin, ikusleek txaloka jarraitzen zieten bitartean.
Oso kontzertu eztia izan zen, baina baita oso atsegina ere, ateoa izanda ere gozatzeko moduko espiritualtasun handikoa. Ordubete iraun zuen emanaldian, laukoteak ikusleak AEBetako hegoaldeko eliza batera lekualdatu zituen. Ez zen Trinitate plazako kontzertu gogoangarri horietako bat izan, baina ez da erraza horrelako kontzertuak ikustea gurean, eta nonbaiten izatekotan, Trinitate plazan izan behar zen. Jendeak gozatu zuen, arreta handiz entzun baitzuten, eserlekutik mugitu gabe.
Ben Lamar Gayk beste urrats bat eman zuen
Hamabost minutuko atsedenaldiaren ondoren, Ben Lamar Gay igo zen oholtzara, Will Faberrekin (gitarra, ahotsa), Matt Davisekin (tuba, ahotsa) eta Tommaso Morettirekin (bateria) batera, eta Claudine Myersen espiritualtasunetik harago joaten saiatu ziren.
Doinu afrikarrak izan ziren nagusi, jazzarekin, funkarekin, hip hoparekin eta definitzen zailak diren doinuekin uztartuta. Denetarik zegoen han: sintetizadoreak, teklatuak, tuba, bateria, gitarra, eztarriko hotsak eta kanpai hotsak, besteak beste. Oso proposamen berezia da Lamar Gayrena, ikusleak trantze moduko batean sartzea bilatzen duena, baina Jazzaldian erdizka lortu zuen bere helburua. Hain zuzen ere, gutxi gorabehera Trinitate plazaren hiru laurdenak beteta zeudela hasi zen bere emanaldia, eta jendea tantaka alde egiten joan zen, eta gutxienez ikusleen erdia joan zen azkenean. Horrela ere, gelditu zirenak kontzertuan sartuta amaitu zuten, hasieran lotsatiak ziren txaloak eta oihuak oso biziak izaten amaitu baitzuten, eta Lamar Gayk ikusleekin egindako interakzio urrietan zinez eskertu zuen hori.
Laukotea, aldiz, lehenengo minututik trantzean zegoela zirudien, bereziki Lamar Gay bera eta Faber. Lamar Gayk berak aitortu zuen “sakonera” joateko joera dutela, eta, une batzuetan, sakonegi joan ziren. Lau piezatan banatu zuten kontzertua: lehenengo biak 30 bat minutukoak izan ziren, etenik gabe, eta beste biak zertxobait laburragoak, 15-20 minutukoa bakoitza. Kanpai hotsekin joko bitxi zein ederrak egin zituzten tarteka Lamar Gayk, Faberrek eta Davisek, eta pieza guztietan tarte melodikoak egin zituzten. Pieza bakoitzaren inprobisazio eta esperimentazio kaotikoaren barruan (batzuetan, ez zen erraza ulertzea bandaren musika delirioen zentzua), atseden uneak ziren tarte melodiko horiek, baina gutxiegi eta laburregiak izan ziren.
Horrela, bere argi-itzalekin, saio ederra izan zen igandekoa, nahiz eta ez zen Jazzaldian Trinitate plazan batzuetan sortzen diren gau magiko eta gogoangarri horietako bat izan igandekoa. Lehenengo gospelarekin, eta gero Lamar Gayren proposamen esperimentalarekin, espiritualtasuna piztea bilatu zuen Jazzaldiak Trinitate plazan, eta une askotan, baita lortu ere; eta, hori soilik Trinitate plazan izan zitekeen, ez delako beste inon sortzen halako girorik. Izan ere, Jazzaldia Trinitate plazan da Jazzaldi, eta ez Garberan.