Pausoz pauso eta pedalkadaz pedalkada bidea egiten jarraituko du Sarek
Atzo eguerdian iritsi zen Donostiara Sare herritarraren bosgarren bizikleta martxa. Ostiralean hasi zuten bizikleta itzulia Etxarrin Etxera bidea gertu lelopean. Ia 300 kilometro egin zituzten eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu.
Atzo 2022ko azken etapa egin genuen Azpeitiatik Donostiara. Hemen grabatutako irudiekin egindako bideoa.
— Sare #IzanBidea ↗️ (@sare_herritarra) July 25, 2022
?Bideo osoa:https://t.co/JBnYUv8hfJ
#Etxerabideagertu #IzanBidea pic.twitter.com/DiXIXbt0yv
“Gogotsu hasi genuen ostirala, hamaika euskal presoren gerturatzearen berri izan ostean. Eta pedalkadak indarrez bete zizkiguten Bake bidean eta Bake artisauek eginiko protestak. Gaur, azken txanpari ekin diogu Azpeitian eta iritsi gara Donostiara, preso guztiak euskal herriratuak izan arte kilometroak batuz”, adierazi zuten atzo Bulebarrean egindako bukaerako ekitaldian.
Azken urteotan egin diren urratsek irekitako aukera “aprobetxatu” behar dela gaineratu zuten: “Salbuespen legedia behin betiko amaitzeko aukera eta ardura dugu eskuartean. Euskal herriratzeekin hasi, graduen progresioa garatuz eta bizi osorako zigorrekin amaituz, etxeratze prozesua egiteko ordua da. Horretarako, orain arte egin dugun moduan kalean, aktibo, pausoz pauso eta pedalkadaz pedalkada bidea egiten jarraituko dugu. Bide hori egiteak ekarri gaitu honaino, eta bide hori muturrera eraman arte horretan jarraituko dugu”.