Udaltzaingoaren arretarako furgoiak "turistentzako informazio guneak" direla salatu du Erne sindikatuak
Donostiako Udaleko Segurtasun sailak Udaltzaingoaren furgoi bana jarri zituen uda hasieran Zurriolako hondartzaren kanpoaldean eta Cervantes plazan. Furgoi horiek jendaurreko arretarako izango zirela iragarri zuen udalak. Ordea, Udaltzaingoaren Erne sindikatuak salatu du ez direla funtzio hori betetzen ari: “Turistentzako informazio guneak dira”.
Bi furgoi horietan arreta eskaintzen ari diren poliziak udarako apropos kontratatu dituztela gaineratu du sindikatuak. “Gehienak ez dira donostiarrak, eta ez dute hiria ezagutzen; beraz, ezin dute behar bezala informatu. Gainera, ezin dituzte salaketak jaso, ez dietelako erakutsi nola egin behar dituzten. Ondorioz, Morlansko polizia etxera bidaltzen dituzte”.