Bidaia galaktikoa
Igande arratsaldean, Kursaalean Yann Tiersen frantziarraren saioa izan genuen Kursaaleko areto nagusian. Musikari eta konpositore honek ospea 2001ko Amelie filmerako egindako musika zoragarriarekin lortu zuen. Donostiako Jazzaldian aurretik ere izanda genuen baino igandekoa izan zen bere Electronic Set emanaldiarekin zetorren aurreneko aldia. Agertokira irtetean publikoa agurtu eta we need to tune (afinatu beharra daukagu) esan zuen. Alegia, mahai gainean zituzten sintetizadoreak tonuan jarri behar zituztela. Adierazpen honek segidan hasi zen musika elektronikoak nolabaiteko zuzeneko giza faktorea eta bat-batekotasuna izango zituela adierazi nahi zuela iruditu zitzaidan. Baliteke horrela izatea, baina izatekotan oso portzentai eskasean. Han entzun genuena batik bat aurretik estudioan grabatutako musika zen. Kontzertu batean baino, musika, argi eta animazio grafikoz osaturiko ikuskizun batean geunden. Hiru atalak oso ondo sinkronizatuta beraien artean. Giro atsegina sortzen zuen nahasketa horrek, baino hortik aurrera nik ez nion aparteko esanahirik harrapatu ikuskizunari. Euskara erabili zuen publikoari zuzentzeko ohiko esaldietan (kaixo eta eskerrik asko), eta eskertzekoa izan zen, beste askok ez bezala, egun horretako kontzertua non ematen ari zenaren lekuari buruz zerbait jakiteko ardura hartu izana artista honek. Askok eskertu genuen sentsibilitate hori.
Astelehenean, jazzaren historiaren parte handi bat idatzi duen 82 urteko Herbie Hancock musikari erraldoia izan genuen Kursaaleko taula gainean. Bezperako ikuskizunak ez bezala, honetan protagonismo osoa musikak izan zuen, eta a zer nolakoa, izugarrizkoa. Agertokira irten eta komunikatzaile aparta den Hancockek zera esan zigun: We are going to the galaxy (galaxiara goaz). Eta horrela izan zen, bi orduko bidaia galaktiko bat eskaini ziguten Herbiek eta bere lau musikari handiek. Tartean, Terence Blanchard tronpeta jolea zuten, Donostiako aspaldiko ezaguna. Aurreko aldian, orain dela bost urte, Abdullah Ibrahim pianistaren Ekaya taldean ikusi nuen tronpetista zoragarri hau. Edozein ikuspuntutatik begiratuta kontzertu borobila izan zen: interpretazioa, konposizioak, soinua, … dena izan zen hamarrekoa. Bere ibilbide luzeko pieza batzuen errepasoa egin zuen, tartean Cantaloupe Island eta Chamaleon ezagunak sartuz. Jarrera eta mezu positiboak transmititzen zituzten, bai Hancocken musikak eta baita esaten zituenak ere (Ba al dakizue zein ari den hemen ondoen pasatzen? Neroni). Esperantzara bultzatzen duen kontzertu zoragarria eskaini zuten, eta gizakiok hondatzen ari garen planeta hau gure ondorengoenentzat konpondu ahal izateko jarrera eraikitzaileak duen garrantzia transmititu zigun. I wish I knew how to speak basque (nahi nuke euskaraz egiten jakin) ere esan zigun Herbiek, eta bezperan gertatu moduan, bere sentsibilitatea eskertu zuten ikus-entzuleek. Ez zait kontzertu hau erraz ahaztuko.
Gauean, Trinitate plazan, New Yorkeko Lakecia Benjaminen jo zuen saioa hasteko. Saxofoi jotzaile gaztea eta maila onekoa da, eta John eta Alice Coltrainen konposizioekin osatutako emanaldia eskaini zuen. Be Bop klasikoan oinarritutako kontzertua izan zen, gaur egungo ikuspuntutik. Teklatu jotzaileak, kontrabaxuak eta bateriak lagunduta etorri zen. Teklatuak pianoa behar zukeen izan, nahiz eta taula gainean bat bazegoen estalki baten azpian, ondoren zetorren Diana Krall izarrarentzat erreserbatutakoa izango zela pentsatu nuen. Musikari gazteak eta bikainak, jazzaren etorkizuna idazten ari direnak dira hauek.
Ondoren, Jazzaldi honetako izar handienetakoa izan den Diana Krall abeslari eta pianista irten zen –Herbie Hancocken baimenarekin–, aurtengo jaialdiari bukaera emateko. Ospe handiko izen mediatikoan bihurtu zen Diana aspaldi, eta bete-betea zegoen plaza bera ikusteko –Elvis Costelloren emaztea, Elton Johnen laguna…–. Bere hizkuntza musikalean izugarrizko pisua duen Nat King Colen estiloan oinarritutako kontzertua eskaini zuen, jazzeko estandarrak eta folka nahastuz, swing handiarekin. Oso kontzertu atsegina izan zen, argiztapen eta sonorizazio bikainarekin. Adjektibo bat jartzekotan, goxoa jarriko nioke, dinamikak asko kontrolatuz eta gehienean oso suabe eta elegante joaz. Aparteko musikariekin etorri zen, sofistikazio handiarekin jotzeko berezko gaitasuna duten horietakoekin, eta nabarmentzekoak izan ziren Anthony Wilson gitarristaren soloak. Donostian izan zen azkenengo alditik aldi honetaraino luze egin zitzaiola adierazi zuen Dianak, eta hemen jotzeaz pozik zegoela nabarmen zen, bi orduko kontzertu luzea eskainiz. Aurtengoan ere gure hirian horrelako egunak pasatzeko aukera bizitzako opari bat izan da.