"Pandemian jendea gauzak Internet bidez erostera ohitu da, eta uste dut horrek min handia egiten digula"
Ines, Marga eta Gotzone Matxiarena ahizpak Elkano kaleko Eskulanen Etxeko jabeak dira. Ostegunean gaur egungo lokala itxiko dute betirako, eta lokal txikiago batera mugituko dute negozioa Aste Nagusiaren ondoren. Hemendik aurrera, Sarriegi plazako 10. zenbakiko lokalean eskuratu ahal izango dira salgai dituzten askotariko produktuak. Ines Matxiarenarekin errepasatu dugu 1903an zabaldu zuten Eskulanen Etxearen historia.
Noiz zabaldu zenuten Eskulanen Etxea?
Gure amonaren aitak eta izebak ireki zuten Eskulanen Etxea, 1903an.
Beti egon izan da hemen?
Hasieran, Narrika kalean hasi ziren, baina uste dut urtebete iraun zutela bertan. Segituan hona etorri ziren, eta nik uste dut etxe hau egiten ari zirela ordura arte. Etxea 1903koa da, beraz, pentsatzen dut etxea eraikitzen amaitu zutenean etorri zirela hona.
Eta zuek zenbatgarren belaunaldia zarete?
Laugarrena. Zabaldu zutenean, lantegia eta oso denda txikia zeuden hemen. Gehienbat lantegia zen, eta margotu eta bordatu egiten zuten. Nire amonaren osaba bat margolaria zen, eta izebek nola bordatu irakasten zuten. Garai batean, neska gazteak edo ezkongaiak zirenak arreoa egiten zuten hemen: maindireak, mantelak eta horrelakoak, ezkontzen zirenean beraien etxe berrietara eramateko.
Hiru ahizpa zarete. Beti egin izan duzue lan hemen?
Bai. Nik erdi mailako ikasketak egin nituen, eta garai hartan nire ama, izeba eta amona ari ziren lanean. Laguntzen hasi nintzen, nire ahizpak bezala. Udan etortzen ginen, beste langile batzuek oporrak hartzeko. Hemen beti egin izan du lan jende askok. Garai batean, hamabi pertsona aritu ginen lanean. Horrez gain, nik oinez dendan ikasi nuen. Oso txikitatik egon izan naiz hemen amarekin eta amonarekin, izan ere, denda gure bigarren etxea bezala da.
Nolako ekarpena egin dio Eskulanen Etxeak Donostiari?
Gure bezero gehienak Parte Zaharrekoak eta Erdialdekoak dira, eta denek esaten dute txikitatik etorri izan direla hona beraien amonekin eta amekin. Badira emakume batzuk esaten digutenak beraien amekin etortzen zirela garai batean, eta beraiek, agian, 80 urte dituzte gaur egun. Batzuek hemen ikasi zuten bordatzen, eta horrelako anekdotak egunero kontatzen dizkigute, azken hilabete honetan batez ere.
Zer da gehien saltzen duzuena?
Gaur egun artile asko saltzen dugu, baina garai desberdinak bizi izan ditugu. Ni 20 urterekin hasi nintzen egunero lanera etortzen, eta garai hartan gurutze puntua zegoen oso modan. Uste dut Donostia osoa pasa dela hemendik gurutze puntua egiteko hariak erostera. Baita telak erostera ere, jaioberrientzat koadroak egiteko, mantelak egiteko, edo dena delakoa egiteko. Orain, jende asko hasi da josten, eta hariak, botoiak, orratzak eta titareak asko saltzen ditugu. Garai batean, nire amonari ez zitzaion gustatzen botoiak dendan izatea, eta nire amak eta izebek sartu zituzten dendan lehenengo aldiz. Amonak gurutze punturako hariak, artileak eta alfonbrak saltzen zituen. Gero, nire amak eta izebek mertzeria sartu zuten, eta oroitzen naiz nire amonak esaten ziela horrek ez zuela dirurik ematen. Azken finean, modelo eta kolore desberdinetako botoi asko dauzkagu eta oso merkeak dira: botoi bakoitzak, asko jota, bi euro balio ditu; merkeenak, aldiz, hamabost zentimo.
Garai batean jendeak asko josten zuela esan duzu. Gaur egun, asko aldatu al da hori?
Bai, asko. Gure amonen garaian, amona guztiek josten zuten eta hona etortzen ziren beraien arreoa egitera. Gure amaren garaian emakume dezentek egiten jarraitzen zuten, baina, nire garaian, kuadrillatik ni nintzen josten zekien bakarra. Nire alabaren kuadrillan, berriz, inork ez daki josten. Agian norbaitek modagatik egiten du orain, baina nire amaren garaian Donostiako emakume guztiek ezagutzen duten Eskulanen Etxea. Gipuzkoa osotik ere etortzen ziren bezeroak materiala erostera.
Zergatik lekualdatuko duzue negozioa?
Pandemian zehar jendea gauzak Internet bidez erostera ohitu da, eta uste dut horrek min handia egiten digula. Jende gaztea horrekin jaio da, eta ohituta dago erosketak horrela egitera. Nik etxean ikusten dut; 29 eta 25 urteko seme-alabak ditut, eta dena erosten dute Internet bidez. Horrekin ezin da lehiatu. Interneten dena dago, eta, hemen, ahal duguna. Gu Interneten bagaude, baina gure indarguneetako bat da aurrez-aurreko zerbitzu duina eskaintzen dugula. Interneten horretara egon behar duzu buru-belarri, eta ez gaude prest hona etortzen diren pertsonei arreta eman gabe uzteko. Aurrez aurrekoari eman nahi diogu garrantzia, hori ikasi dugulako eta hori erakutsi digutelako gure arbasoek. Denda hau handiegia geratu zaigu, eta leku txikiago batera mugituko gara. Ea hiru ahizpak moldatzen garen, eta hiruetako batek Interneti denbora gehiago eskaini diezaiokeen.
Zein lokaletara mugituko zarete?
Sarriegi plazako 10. zenbakira. Aste Nagusiaren ostean irekitzea gustatuko litzaiguke, festetan irekitzea kaos bat delako, jendea beste gauza batzuetara dagoelako. Iruditzen zaigu lokal berriak behar duela mimoz zabaldua izatea, eta festen ostean dena lasaiago egongo denez, orduan egingo dugu.
Uztailaren 28ra arte egongo zarete hemen. Nola agurtuko duzue denda?
Publikoarentzat ostegunera arte egongo da zabalik. Ostiralean familiako festa bat egingo dugu hemen, pixka bat ohorearekin agur esateko lokalari. Izan ere, denok pasa gara bertatik: lehengusuak, izeba-osabak, eta jende asko. Familia handia gara, eta denok nahi dugu lokala agurtu. Denontzat da etxe bat, eta esanahi berezia du guztiontzat.
Denda berriak zerbait desberdina izango du? Ala ohiko produktuak izango dituzue?
Ohiko produktuekin jarraitu nahi dugu. Momentuz jarraipen bat izango da, nahiz eta tamaina txikiagoa izango duen.