Pilota jaialdia izango da gaur Zubietan
Zubietako festak aurrera doaz, eta gaur pilota jaialdia izango da eguneko protagonista, 18:00etatik aurrera. Binakako bi neurketa jokatuko dira, eta tartean izango da Oinatz Bengoetxea ere, urte hasieran erretiroa hartu zuen pilotari profesionala.
Lehen partida ondorengo bi bikoteek jokatuko dute: Iker Aburuza eta Oier Aranburu, Andoni Olasagastiren eta Aimar Iraolaren aurka.
Bigarren norgehiagokan, berriz, Oinatz Bengoetxea eta Ortiz de Urbina, Urmenetaren eta Odriozolaren aurka lehiatuko dira.
Jaialdirako sarrerak aldez aurretik jarri zituzten salgai Zubietako Kaxkapen. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaur bertan txartel gutxi batzuk jarriko dira salgai pilota partidak ikusi ahal izateko.