Bilgune Feminista omenduko dute Donostiako Piratek
Abuztuaren 13tik 20ra izango da Piraten Aste Nagusia, eta askotariko egitaraua aurkeztu dute.
Donostiako Piratak prest daude 20. urteurrena behar bezala ospatzeko, Biba festa, biba eraldaketa, biba piratak lelopean. Gaur goizean egin dute Piraten Aste Nagusiaren egitarauaren aurkezpen ofiziala. Hemen ikus dezakezue osorik.
Horrekin batera, Matti pertsonaia zein izango den argitu dute: Euskal Herriko Bilgune Feminista. Gogora dezagun piratek urtero eragile bat omentzen dutela Mattiren bidez. Horrela, Ezkila kapitainak eta Bilgune Feministak botako dute suziria Piraten Aste Nagusiari hasiera emateko. Piraten antzera, Bilgune Feministak 20 urte bete ditu aurten. Aurreko urteetan txupinazo pirata bota dutenak honakoak izan dira: Martuteneko auzo elkartea, Etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, Abortuaren aldeko mugimendua, Irutxuloko Hitza, Errefuxiatuak, Izar eta Sara Majarenas, Altsasuko Gurasoak edota Donostiako gaztetxeetako ordezkariak.
Bestalde, prentsaurrekoan azaldu dutenez, udalarekin adostu duten Piraten puntu morea Bulebarrean egongo da. “Badira urte batzuk Donostiako Piratok eraso sexistei erantzuteko protokoloa, eta horren baitan, Puntu Morearen planteamendua, martxan jarri genuela erasoak salatzeko eta artatzeko, urteetan erreferentzialtasun handia lortu duena. Azkeneko ohiko Aste Nagusian identifikatutako hutsuneetatik, Piratok aurten Donostiako Udalari eskaera eta proposamen konkretua egitea erabaki genuen, eraso sexisten artatzeari begira, hirian daukagun hutsunea gertutasun, integraltasun eta profesionaltasun osoz betea izan dadin: hirian zehar zenbait erreferentzia gune martxan jartzea, non lehen-arretan arituko diren profesionalak bermatuko diren”, adierazi dute.
Aurtengo leloaren inguruko adierazpenak ere egin dituzte: “Festa ez da gertakari isolatu bat, gizartetik edo eguneroko bizitzatik aparte dagoen zerbait. Alderantziz, jaiak harreman sozialen, jarraibide kulturalen eta egiturazko arazoen eszenifikazio bat dira. Ospatzen dituen gizartearen errealitatea islatzen dute, eta, zentzu horretan, errealitate hori iraunarazteko mekanismo gisa balio dezakete. Baina, aldi berean, jaien antolaketan eta partaidetzan garatzen diren harreman- eta lotura-sozialak gizartea eraldatzeko tresnak izan daitezke, baldin eta nagusi diren baloreez bestelakoak badira. Helburu horrekin itsasoratu ginen, jaia eraldaketa sozialerako tresnatzat hartuz, eta horretan aritu gara hogei urtez”.
Gogoratu, baita ere, Donostiako Piratek abesti berria izango dutela beraien 20. urteurrenean: Physis versus Nomos taldearen Aurtzaka goaz. 2004an Abordatzera kaleratu zuten Jon Elizalde musikariaren eskutik, eta 2012an jai herrikoien aldeko mugimenduak hamar urte betetzen zituela eta, Mundu berri baten mapa abestia aurkeztu zuten, Gaztelumendi anaien eta Skakeitan taldearen elkarlanetik sortua.