Añorgako hainbat gazte eta bizilagun egurrezko parke bat egiten ari dira
Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurrenaren ospakizun egunean inauguratuko dute. Auzoko gazteek auzoarekin lotura handiagoa izatea sustatu nahi izan dute proiektu honen bidez.
Astelehenean ekin zioten lanari. Hainbat gazte eta auzotar elkartu dira egunotan Añorgan, auzolanean umeentzat egurrezko parke bat eraikitzeko, errepidearen eta futbol zelaiaren artean dagoen berdegunean. Añorgan hamabi urte daramatzate parkerik gabe, trenbide berria egiteko lanak egin zituztenetik.
Egurrezko parkeak Dabilen herria izeneko proiektuarekin du lotura. Añorgako gazteek auzoarekin duten atxikimendua ez galtzeko abiatu zuten. “Udaleku ibiltariekin hasi ziren, eta gazteek monitore lanak egiten zituzten. Horiek monitore izateari uzten ziotenean, nabaritu genuen zerbait behar zutela Añorgan egoteko, eta hemen bizitza egiteko. Aproposa iruditu zitzaigun eurek egitea umeentzat parke bat, auzoan legatu bat uzteko modu bat baita”, adierazi du Eneko Sierrak, Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kideak.
Proiektua martxan jartzeko, Amassorrain ikastolarekin prozesu bat abiatu zuten gazteek. “Ikastolako haur guztiak gune honetara etorri ziren, eta proiektatzen aritu ziren nola jolastuko zuten bertan. Hortik joko proposamen batzuk atera ziren, baina azkenean arkitektura estudio batek egin behar izan du proiektua, guk eman dizkiegun datuekin, segurtasun irizpide guztiak betetzeko”, azaldu du.
Hainbat gune izango dira. Batean bi kubo egongo dira, zuhaitzen artean txabola bat egingo dute, tipi bat ere egongo da, eta lasai eserita egoteko eremua ere izango du parkeak. Horrez gain, oreka mantentzeko joko eremu bat ere eraikiko dute. Kimu bat estudioak diseinatu du parkea. Parkea Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurrenaren ospakizun egunean inauguratuko da, abuztuaren 27an.