Atzera begira: Donostiako Piratek 20 urte
Jai herrikoiak aldarrikatzeko, hogei ontzik eta hamarnaka piratek 2003an abordatu zuten Donostia aurreneko aldiz. Legea urratuz, inolako baimenik gabe, kaitik abiatu ziren Kontxako hondartzaraino. Lehorreratu zirenean topo egin zuten agintarien menpekoekin, eta pirata ausart horiek identifikatzen saiatu zirenez, ontziak hartu eta udaletxe aurrean utzi zituzten protesta moduan.
Txupinazoak berretsi zuen jai herrikoien aldeko konpromisoa, aurrera jarraitzea erabaki zutelako. 2004an jaurti zuten kaian, eta iragan urtean baino pirata gehiagok bat egin zuten festarekin.
Jana eta edana garrantzitsua da piratentzat. Abordatzearen egunean, indarrak hartzeko bazkari herrikoiak antolatzen hasi ziren, eta gogoangarria izan zen 2005ean Zuloaga plazan egindakoa.
Pirata guztiak ez dira makurrak eta maltzurrak. Bihurriak, berriz, gehienak. Umoretsuak ere badira asko, eta horiek erabaki zuten Irrikitaldia izeneko parodia antolatzea Piraten Aste Nagusiaren azken egunean. 2006ko egun eguzkitsu batean egin zuten lehena, eta herritarrek harriduraz lehenik, eta begi onez, ondoren, hartu zuten. Aita Santuak berak parte hartu zuen!
Bosgarren urteurrenarekin batera, Ezkila kapitaina aurkeztu zuten piratek jai herrikoien aldeko lana gidatzeko. XVI. mendeko Pedro de Agirre kortsario donostiarraren omenez hartu zuten izena, Campanario ezizenez zelako ezaguna. Geroztik, jaien ikur bihurtu da.
Musika ezinbesteko osagaia da piratentzat. Eurek kantatu beharrean, beste musikari batzuei lekua egin zieten Trinitate plazan atonduriko agertokian. Gau ahaztezinen gune bihurtu zuten.
Ohitura onak mantendu eta indartzeko konpromisoa mantendu zuten piratek. Irrikitaldia urteko gertaera esanguratsuenen errepasoa izatea nahi zuten. Urtetan, Odon Elorza alkateak bat egin zuen parodia arrakastatsuarekin, eta gurutze bide bat izatera iritsi zen 2008an. Tira, gurutzea beharrean, aingura bat eraman zuen soinean. Txuri-urdin ereserkia kantatuta lasaitu zen gizajoa.
Pirata kuadrillak osatzeko eta elkartzeko balentria izan zuten Donostiako Piratek. Lehen urtetik antolatu zituzten kuadrillentzako jolas bihurriak. Gainera, adin tarte guztientzat.
Pirata ausart batzuek egindako lehen abordatzearekin beste askok bat egin zuten hurrengo urtetan. 2009. urterako piraten kopurua ikaragarri handitu zen, eta Kontxako badiaren jabe izan ziren ordu batzuetan. Udaletxeari begira egin zuten bidea, kaitik hondartzara.
Adinari ez diote erreparatzen piratek. Haur, gazte, heldu zein adineko piratak gustuko dituzte. Txikienei egun propio bat eskaini zieten, askotariko jarduerak eskaintzearekin batera. 2011n pirata txikiek jai herrikoien alde jolastu eta gozatu zuten.
XVIII. mendean La Flamenka izeneko ostatu bat izan zen Fermin Calbeton kalean. Han elkartzen ziren itsas merkataritzan aritzen ziren nabigatzaile, pirata eta kortsarioak. Taberna horren omenez, Trinitate plazako guneari La Flamenka izena jarri zioten 2010ean, Flamenka soil gisa gutxira lekuz aldatu zena.
La Flamenka txiki geratu zitzaien piratei Trinitate plazan. Gero eta pirata gehiago elkartzeko beste gune bat konkistatzea erabaki zuten. Gune zinez aproposagoa: Donostiako kaia. Aingura han bota, eta gune handiagoa jarri zuten 2011n. Eta noski, han jaurti zuten aro berriko lehen txupina!
Jaietan herritarren parte hartze zuzena bermatzeko erabaki bat hartu zuten piratek 2012an. Batzar batzuk egin ostean, kofradiak sortu zituzten. Iruñeko eta Baionako Peñen, Gasteizko Nesken eta Blusen eta Bilboko Konpartsen parekoak dira. Eskifaia gazte kofradia eta Pirata Bihurriak izan ziren aurrenekoak.
Ezkila kapitainak milaka pirata zituen haren aginduetara, baina alboko kide bat behar zuen. Horregatik, Matti izeneko pertsonaia aukeztu zuten 2012an. Mattik piratek urtero omendu nahi duten eragile bat ordezkatzen du. 2012an Martuteneko auzo elkarteak bota zuen suziria Piraten Aste Nagusiari hasiera emateko. Auzoan izandako uholdeengatik, piratek keinu berezia egin zieten Martuteneko bizilagunei.
Asko dira Flamenkako gau ahaztezinak. Ordea, piratek sekula ahaztuko ez dutena da 2013an South Central musika jartzaile bikotearen emanaldia. Kaiak eztanda egin zuen!
Ba al zenekien Manu Chao ere pirata izan zela egun batez? Ez zen Piraten Aste Nagusian izan. Zurriolako hondartza ere hartu zuten 2014ko uztailaren 9an, eta Edozer dugu posible eguna antolatu zuten piratek. Zu ere han izan zinen?
Ezkila eta Matti, Matti eta Ezkila. Piratek biak elkartu zituztenetik, urtero azalberritu dira, baina esentzia bera mantenduta. Piraten Aste Nagusiaren hasiera iragartzen dute, gauez, beste pirata askoren berotasunean. Horrela gertatu zen 2014an ere. Piratak askotarikoak direla esan dugu, eta solidarioak ere badirela nabarmendu behar da. Donostiako Ospitalera gaixoak bisitatzera joatzeko ohitura ona hartu zuten, festaren parte ere sentitu zitezen. Irutxuloko Hitza izan zen urte hartako Matti, eta festaren hainbat ekitalditan parte hartu zuen, besteak beste, ospitalera egindako bisita honetan. Benetako altxorra da 2015eko talde argazkiak islatzen duena.
Piraten kuadrillarik gabe, edozer ote da posible? Ez horixe! Kuadrillek ematen diote bizitza piratei, eta leku asko abordatu dituzte jolasekin. 2016an kaia irauli zuten.
Begiraleak eta parte hartzaileak. Lehorretik so daudenak, eta uretan bustitzen direnak. Abordatzearen errituala berdin mantendu da
urtetan, eta 2017rako festa bat eta bakarra egonkortuta zegoen. Ezkila, zeri begira zaude? Egizu jauzi uretara!
Piraten askatasuna urratzen dutenek gogotik ordainduko dute. Jai guneetan 2017an izandako eraso sexistak gogor salatu zituzten ehunka piratek. Horrekin batera, sexu erasoei aurre egiteko eta jai parekideen aldeko lan taldea sortzen hasi ziren. Zirgari izena jarri zioten, eta 2018an aurkeztu zuten.
Piraten kofradia bakoitzak du bere izaera propioa. Sardiñeren prozesio paganoak zeresana eman zuen 2018an. Alu more erraldoi bat eraman zuten kalez kale Sardiñerak kofradiako kideek.
Sexu erasoak ez ziren bukatu, eta erantzuna indartu zuten piratek 2019an. Piraten Aste Nagusia erabat eten, eta Erasotzaileak, zuen jaia amaitu da! lelopean talde argazki erraldoia egin zuten kaian. Festak bertan behera uzten aitzindariak izan ziren piratak.
Donostia abordatzea erabaki zutenetik, piratek euren balioekin bat egiten duten bestelako egitasmoetan ere parte hartu dute. Esaterako, Korrikan. Klika egin zuten 2019an.
Muga guztiak gainditu dituzte piratek, jai herrikoien aldarria lau haizetara zabaltzeko. Ordea, 2020an ahoa estali zien pandemia latz batek. Halere, eskuak eta hankak erabili zituzten piraten sua piztuta mantentzeko, eta neurrira egindako festak antolatu zituzten.
Birus malapartatuak balio handiko gauza asko eraman ditu azken bi urteotan. Zorionez, Donostiako Piratek ez zuten etsi, eta 2021n ere egitarau sinpleago bati eutsi zioten, aingura bota zuten aurreneko lekuan; Trinitate plazan.