"Festa guztietan hartu behar da parte"
Bernardino Rodriguez Groseko Gure Etxea tabernako jabea da, eta Zipotz jaietan pintxo lehiaketa irabazi zuen 'Itsaski pikantea' izeneko pintxoarekin.
Zein da Groseko Zipotz jaietako pintxo lehiaketa irabazi zuen pintxoa?
Itsaski pikantea izena du. Pikillo piper bola bat da, bexamelarekin eta itsaskiarekin. Muskuilua, ganbak eta tipulina ditu, dena oso txikituta. Eta japoniar pikante bat ere badu. Hori guztia tenpuran sartzen da, eta gero pikillo piperraren emultsio erdi-gozo bat egiten diogu, gainean sesamo beltza duena.
Etxean egiteko modukoa da? Zenbat denbora behar da prestatzeko?
Bai, etxean egin daiteke. Guk hemen pintxo asko egiten ditugu, eta, noski, ez da gauza berbera bat egitea edo asko egitea. Pintxoak egiten jartzen gara, eta 50 egiten ditugu. Gero izoztu egiten ditugu, izan ere, tenpuran jartzeko hobe da bola erdi izoztuta egotea, hobeto heltzeko.
Noiztik zara Gure Etxea tabernaren jabea?
Duela bi urtetik daukagu taberna. Konfinamendutik atera ginenean hartu genuen, baina tabernak, izatez, 40 urte baino gehiago ditu. Egia esan, oso ondo doakigu, ezin gara kexatu. Eguneko menua egiten dugu eta gosari asko ematen ditugu. Ez da poteoan ibiltzeko ohiko taberna bat, izan ere, goizean anbulatorioko langileei eta pazienteei gosari asko ateratzen dizkiegu, eguerdian 14 euroko menua eskaintzen dugu (sei lehenengo plater eta sei bigarren plater daude aukeratzeko), eta astean hiru egunetan arratsaldez itxi egiten dugu; astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan. Ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan, aldiz, 16:00etan ixten dugu, eta 19:00etan zabaltzen dugu berriro.
Zenbat jendek egiten du lan hemen?
Hiru pertsona gara momentuz, baina norbait berria kontratatzea gustatuko litzaiguke, zaila den arren.
Zergatik erabaki zenuten festetan parte hartzea?
Eskaini egin ziguten, eta berehala onartu genuen gonbidapena. Auzo batean bazaude, auzoko gauzetan parte hartu behar da. Gauza serioetan, ordea. Festa guztietan hartu behar da parte.
Espero al zenuten pintxo lehiaketa irabaztea?
Inola ere ez. Nik uste nuen taberna askok zutela irabazteko aukera, baina egia da ni sukalde onetan aritzetik natorrela. 30 urtez kanpoan aritu naiz lanean, baita Michelin izar batekin arrozak prestatzen ere. Beraz, lehiaketa batean parte hartu behar duzula esaten dizutenean, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara.
Eta nor da Michelin izar hori?
Salvador Hernandez, arrozak egiten dituen maisua. Valentziakoa da, eta bere taberna baten ardura izan nuen bi urtez. Jatetxeen kate moduko bat sortu zuen, eta nola egin irakatsi ostean, hainbat pertsonen esku uzten zuen negozioa, bere ikuskapenarekin.