«Izozkien, su artifizialen eta hotelen hiri honetan alternatibak sortzen jarraituko dugu»
Festarako gogoz sumatzen dute jendea Donostiako Piratek. Gogotsu daude eurak ere, aurtengoari heltzeko ez ezik, branka erakusten jarraitzeko ere. Haizeak edonondik jota ere.
Nola ikusten duzue piraten mugimendua?
Sergio Garcia Razkin (S.G.R.): Guk positiboki baloratzen dugu: jendea duela hiru urte baino gehiago ari da parte hartzen. Ni, esaterako, Trinitate Plazako lantaldean nago, eta bertan oso ondo ari gara lanean; gauzak aurreratuta dauzkagu.
Beraz, pandemia ondorengoak jende gehiago aktibatu du?
Txomin Campo Mendizabal (T.C.M.): Gu kezkatuta geunden, nabaritzen genuelako pandemiak beherakada bat ekar zezakeela. Izan ere, motor bat itzaltzen denean, gero kosta egiten da berriz martxan jartzea, baina iruditzen zaigu jendea modu txukunean ari dela erantzuten.
Bittor Hernando Ibero (B.H.I.): Pandemiak gauza positibo eta negatiboak ekarri dizkio mugimenduari. Azkenean, murrizketak egoteak guk nahi dugun jai eredu hori aurrera eramatea galarazi zigun. Baina alde on bat ere izan du: jende berria sartzea, jende gaztea, eta horiek gauzak probatzen hastea.
Jendea prest ikusten duzue errelebo hori hartzeko?
T.C.M.: Prozesu hauek ez dira errazak izaten: mugimendu zabal bat gara, hiri-mailakoa. Kargu eta berezitasun asko daude, eta horrelako prozesuak ez dira urtebeteko kontua izaten. Gure esperantza da aurten urte polit eta dibertigarri bat izatea, eta horrekin jendea proiektura erakartzea.
B.H.I.: Bi urte izan dira Aste Nagusi normal bat izan gabe: abordatzerik gabe, kuadrilla jolasik gabe… Gauza jendetsu horiek ez dira egin, eta badago adin tarte bat hori bizitzeko aukerarik izan ez duena, baina gogotsu dagoena.
Nola gainditu dituzue pandemiaren urte zail horiek?
T.C.M.: Hasieran, kosta egin zitzaigun: emozionalki oso gogorra izan zen. Dena eraldatu behar izan genuen. Nola lortu genuen? Gogoeta eginez. Eta lan eginez. Ez dago besterik.
B.H.I.: Batzuek sinesten eta ikusten genuen bagenuela Donostiari zer eskaini, birusaren aurkako prebentzio neurri horiek guztiak egonda ere. Uste dut, iaz bereziki, lortu genuela askotariko jarduerak antolatzea.
Nola zaudete aurtengo Aste Nagusiari begira?
S.G.R.: Aurtzaka! [barrez]
B.H.I: Gogoa badago, baina bertigo pixka bat ere ematen du. Azkenean, bi urte pasa dira, eta pasa gara 2020an egun bakarreko egitaraua egitetik, 2021ean lau egunekoa egitera; eta aurten jada pasako gara zortzi egunekora. Orduan, badugu bertigo hori, baina, aldi berean, ilusio eta gogo handia dugu zerbait polita eta bateratua egiteko.
Normaltasunera itzultzeko urteaz gain, 20. urteurrena ere ospatuko duzue. Zerbait berezia prestatu duzue?
B.H.I.: Guk aipatu izan dugu 20. urteurrenaren lekukoa Korrikan hartu genuela. Horretaz aparte, kaian erakusketa bat egin genuen, hogei urteotako argazkiekin, eta uste dut polita izan zela. Ordutik hona jarraipena ematen ari gara: logo berria sortu dugu, abesti bat, eta, noski, egitarau bat. Egitarauan keinuak sartzen saiatu gara, atzera begira horri ere garrantzia emateko. Horregatik, Pirata Egun bat sortu dugu.
T.C.M.: Protagonistak gu izatea nahi genuen. Askotan lan pila dago egiteko, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu guk ere ondo pasa behar dugula. Hori aldarrikatzeko sortu da. Azkenean, zer hobe 20. urteurrena ospatzeko piratoi zuzendutako Aste Nagusi bat egitea baino? Esateko: hemen gaude, gu gara protagonistak, eraldatzaileak gara eta aurrera goaz.
Nola helduko diozue eraso sexisten gaiari?
Itziar Gomez Cruzado Gonzalez (I.G.G.): Zentzu horretan, Aste Nagusi nahiko bortitza aurreikusten dugu. Ikusi dugu udara nola hasi den, eta 2019an eraso pila bat izan ziren: egoerak gainezka egin zuen. Baina azpimarratu nahi dugu honen guztiaren ardura, gurea baino, udalarena dela: berak jarri behar ditu baliabideak. Badakigu, hala eta guztiz ere, jaiak antolatzen ditugun heinean guk ere espazio seguru bat izateko lan egin behar dugula, eta horretan gabiltza. Ea nola datorren udara, baina beldur pixka bat dugu.
S.G.R.: Aurten ere, nik uste dut hori izango dela jaien alde iluna. Adi egongo gara, eta, saihesten baino, salatzen. Saihestea oso zaila baita.
B.H.I.: Guk urteetan lanketa handia egin dugu, baina batzuek oso erreta bukatu dute. Gai delikatuak dira, gogorrak, eta edozeinek ezin dio horri modu egokian erantzun. Ez da gauza bera barran txanda bat egitea edo hor egotea. Badago jende profesionala eta, kontzertuetarako dirua jartzen den bezala, nik uste dut, Itziarrek esan duen bezala, honetarako ere udalak jarri beharko lituzkeela baliabideak.
Bestela, orokorrean, antolaketari dagokionez, aldaketarik aurreikusten duzue?
T.C.M.: Aldatu baino, daukaguna indartu: dauzkagun lantaldeak elikatu, zenbait postutan belaunaldi aldaketa egin…
B.H.I.: Pandemiarekin aldaketa bat izan zen. Guk Ontziola bidez funtzionatzen dugu, Kofradia bakoitzeko ordezkari bana joaten den bilera da. Pandemiarekin hori moldatu egin genuen eta jai batzorde baten antzera funtzionatu genuen. Baina orain berriz heldu diogu Ontziolari, kofradiei garrantzia ematen, ikusten dugulako jendearengana iristeko egokiena dela.
Nola irudikatzen duzue piraten mugimenduaren etorkizuna?
T.C.M.: 25. urteurrenean pentsatzen! [barrez]. Ni beti naiz positiboa, eta honetan ere bai. Nik irudikatzen dut pixkanaka errelebo bat egongo dela. Lana txukun eta modu onez egiten badugu, gauza horiek modu naturalean etortzen dira.
Zein erronka dituzue?
S.G.R.: Ea bi urteko parentesi hau tranpolin bilakatzen den. Aurtengo Aste Nagusi Pirata da mugarria.
B.H.I.: Nik uste dut beti egongo direla piratak. Edo, piratak ez badira, beste eskaintza alternatiboren bat; jendea gogotsu dagoelako, eta ez duelako bere burua ikusten udalak sortzen duen egitarau horretan. Espero dugu piratak urrutira ailegatzea, baina uste dut garrantzitsua dela aipatzea piratek sekulako booma eduki zutela —300 baltsa eta 3.000 laguneko abordatzeak izan ziren—, eta horretan ere moldatzen joan garela. Ikusten, dauden indar eta gogoen arabera, nondik jo dezakegun.
T.C.M.: Azken finean, izozki, su artifizial eta hotelen hiri honetan, hori bakarrik eskaintzen diguten bitartean, bertakook jarraituko dugu alternatibak sortzen. Modu batean edo bestean. Ahal bada, piraten izenarekin; hala nahi dut eta izango dela uste dut. Baina, bestela ere, antolatuko gara. Hau ez baita gure hiri eredua. Egia esan, dagoeneko ez dakit gure hiria den ere!
Zein egoeratan gustatuko litzaizueke uztea piraten mugimendua?
S.G.R.: Lehenik eta behin, gure Kofradia, Xibaro, lehenbailehen desagertzea gustatuko litzaidake, horrek esan nahiko baitu Donostian ez dagoela presorik. Baina, bestela, zaharberrituta uztea gustatuko litzaidake, beste ildo batekin. Gazteek gauza berberak egitea, baina beste modu batean. Gu beti egongo gara, baina beste plano batean.
T.C.M.: 60 urte ditudanean, nik piratetan jarraitu nahi dut, baina 60 urteko jendearentzako gauzak antolatzen: kantu jira, dantzaldia, guatekeren bat… [barrez]. Hau ez da soilik gazteen kontu bat, transbertsala da, gure Donostia aldarrikatzeko mugimendu bat.
Beste zerbait gehitu nahi duzue?
B.H.I.: Sareei erne egoteko; txandetan, bazkarietan eta abar izena emateko. Eta inork kofradiaren baten parte izan nahi badu, lotsarik ez izateko eta gurekin kontaktuan jartzeko, ongietorriak izango dira eta. Horrelako egitarau bat sortzeko denon laguntza eta parte hartzea behar dugu.
Horrez gain, dei egiten diogu jendeari Aste Nagusian sen onez eta errespetuz joka dezan. Erasorik gabeko Aste Nagusi bat izatea denon ardura da, norberak hartu behar duena. Ospa dezagun gure balioak dituen Aste Nagusi bat: parte hartzailea, euskalduna eta feminista.
T.C.: Izan pirata!