Larrotxene, auzoko kulturaren giltzarri
1987an inauguratu zuten Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxea, baina horren aurretik, beste hainbat erabilera eman zitzaizkion. Auzotarrek harrera ona egin zioten hasieratik proiektu berriari, bideogintza eta zinemagintza ardatz izan dituena 1988tik aurrera.

Gaurtik aurrera eta urtarrilera arte, itxita egongo da Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxea. Sei hilabetez berrikuntza lanak egingo dituzte eraikin horretan, besteak beste, espazio guztiak irisgarriak izan daitezen. Itxiera hori aprobetxatuz, eraikin historiko honen errepasoa egin dugu kultur etxeko lehenengo zuzendari izan zenarekin, Jon Aizpuruarekin.
Larrotxene, kultur etxe gisa, 1987an inauguratu zuten, baina udalak eraikina erosi aurretik hainbat erabilera eman zitzaizkion. “Baserri bat zegoen bertan, sagardotegi bat ere zabaldu zuten, baina justu udalak erosi baino lehen, Letaman fabrikaren parte bat zen. Nahiko abandonatuta zegoen, eta udalak obra zerotik hasi behar izan zuen, dena bota egin baitzuten”, azaldu du Aizpuruak.
Baina nola lortu zen lantegi izatetik kultur etxe bihurtzera? Aizpuruaren arabera, 1985-1986 inguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo bat zuen martxan horrelako eraikinak birmoldatzeko. “Plan horretan Donostiako lau eraikin sartu zituen: Loiolako kultur etxea, Casares kultur etxea, Okendo kultur etxea eta Larrotxene kultur etxea”, adierazi du.
Larrotxenekoak auzoan oso harrera ona izan omen zuen, auzotarrek aldarrikatzen zuten zerbait zelako: “Intxaurrondo kultur etxea izena zuen elkarte bat zegoen auzoan, eta auzoko talde gehienak biltzen ziren han. Beraiek kultur etxe duin bat eskatzen zuten, eta, hasieratik, oso harreman ona izan genuen elkarte guztiekin. Hamabost egunean behin elkartzen ginen haien proposamenak jasotzeko”.
Kultur etxe berriak sortu zirenean, bakoitza zerbaitetan trebatu zen. Larrotxenen 1988an hasi ziren zinemagintza eta bideogintza lantzen, eta zinema zuzendari ugarik ikasi dute bertan; Pablo Malo donostiarrak, besteak beste.