Piratei buruzko gehigarriaren 'making of'-a

Donostiako Piraten 20. urtemuga dela eta, gehigarri berezia argitaratu dugu gaur. Mimo handiz egin dugun argitalpena izan da. Edukiari ez ezik, diseinuari eta irudiari garrantzia handia eman diogu, eta lan honetan bidelagun izan ditugu piratak. Haiei esker egin ahal izan baititugu Ezkila kapitainaren panpinarekin sortu ditugun diseinuak.
Gure kolaboratzaile Joseba Parron argazkilariarekin batera, piraten festarekin lotutako hainbat une irudikatu ditugu. Kaian eta inguruan ibili ginen panpinarekin eta diseinurako beharko genuen atrezzoarekin. Kaiko arrapalan, udako egun batez gozatzen ari zirenen harridurarako, Ezkila kapitainaren panpina atera genuen eta argazkiak probatzen hasi ginen. Pita hariari esker, txotxongilo baten moduan maneiatu ahal izan genuen panpina. Abordatzea irudikatu nahi genuenez, flotagailu batekin probatu genuen. Ez zen erraza izan, arrapala eta ingurua jendez mukuru zegoelako, baina azkenean lortu genituen irudi dibertigarri batzuk.
Aquariumaren ondoan dagoen zabalgunean egin genuen azalerako argazkia, Ezkila garaipenaren ikurra egiten agertzen den irudia. Panpina egin eta diseinatu zuen jostuna benetan trebea da, eta panpinak barruan dituen metalezko kable horiei esker, ez zen horren zaila izan Ezkila trapuzko panpin bat baino gehiago dela! Gure ondoan zeuden turista batzuk begira geratu zitzaizkigun, baina ez ziren ezer galdetzera ausartu.
Piraten Aste Nagusiko edalontzi berrerabilgarriarekin ere egin nahi genituen batzuk, eta, horretarako bagenuen leku aproposa: Karmengo jaietako txosna. Barran jarri panpona, edalontzia garagardo pixka batekin bete, eta argazkilaria hasi da klik zaparrada bat botatzen. Inguruan, jendea saltoka eta dantzan. Eta, gu, izerditan blai, trasto guztiak gainean, hara eta hona.
Azkeneko probak falta zitzaizkigun, Ezkila kapitaina 20. urtemuga ospatzen irudikatu behar genuen. hemen atera genituen probatarako ekarri genuen atrezzo guztia: txokolatezko txanponak, koro bat, imitaziozko bitxiak, gomazko ahate pirata bat, Bulebarrean erositako euskal pastel bat, kandelak… Eta hor hasi ginen pieza guztiak erabiltzen. Bitartean, Parte Zaharreko kaleetan, Karmengo jaietako txaranga, eta jendetza festan murgilduta. Ikatz kalean aurkitu genuen txoko lasai bat, baina ez genuen denbora asko: ‘Azkar! txarangakoak datozela!’, ‘Tira hemendik’, ‘pegatuko diogu txanpon hori ahoan?’, ‘ekarri belkroa!’, ‘hartu guraizeak’, ‘zelofana behar dut’, ‘txanpon batzuk urtu egin dira…’, ‘ai, metxeroa falta zaigu’, ‘jo, kandelak ez dira pizten!’, ‘Barrokoegia agian?’ … Azkenean probatarako eraman genuen ia guztia erabili genuen. Abordatze bat eta ospakizun bat irudikatzeko inoiz ez da gehiegi!
Traste guztiak jaso, eta erredakziora. Diseinatzailea probak egiten hasi zen, eta berehala argi izan genuen zein izango zen gehigarriaren azala: Ezkila kapitaina garaipenaren ikurra egiten. Irudi ederra Donostiako Piraten 20. urtemugari eskainitako gehigarria janzteko. Biba festa! Biba piratak!