Solastu, nork bere kabuz erabakitzeko
Musika Hamabostaldiak opera munduan murgiltzeko aukera ematen die orain arte horretarako urratsa egin ez dutenei. Batzuentzat arrotza eta ezezaguna izan daitekeen esperientzia aurreiritziak alboratzeko eskaintza baliagarria izan daiteke #SOLasean programa.
Abuztuaren 2tik 27ra izango da 83. Musika Hamabostaldia. Pandemia urteak atzean utzita, aurtengo edizioa normaltasunez antolatu ahal izan dute. Hala, azken urteetan eten egin behar izan dituzten zenbait ekinbide berriro ere martxan jarriko dituzte. Horietako bat da #SOLasean, Hamabostaldian lehen urratsak egin nahi dituztenentzako proposamena.
2014an sortu zen, eta dagoeneko 200 lagunetik gora izan dira bertan parte hartu duten ikus-entzuleak. Musika klasikoko obra bat ikustera sekula joan ez diren pertsonentzako programa da, eta aukera ematen zaie, estreinakoz eta doan, Hamabostaldiko emanaldi batera bertaratzeko. Aurten, gainera, dantza garaikidea ikusteko aukera ere izango dute parte hartzaileek.
Leire Canok darama egitasmoaren ardura, eta aipatu du, hain zuzen, #SOLasean-en helburua hasiera batean Hamabostaldiko publikotik aldentzen den jendea kontzertuetara gerturatzea dela, baina ez hori bakarrik, musika klasikoak dituen topikoekin —sarrerak garestiak direla, aspergarria dela, dotore jantzita joan behar dela…— apurtzeko ere sortu zela nabarmendu du: «Musika Hamabostaldia irekia dela demostratu nahi dugu, jendarte osoarentzat».
Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendaria da, eta, bere esanetan, jendeak kulturarekin eta Kursaal eta Viktoria Eugeniaren moduko eraikinekin dituen harremanak ere bultzatu zituen egitasmoa abian jartzera: «Orain dela urte batzuk konturatu ginen donostiarren gehiengoa ez dela inoiz Kursaalen edo Viktoria Eugenian sartu».
Ez musika klasikora bakarrik, orokorrean, Donostiako kultur programazioaz gozatzera «beti berdinak» joaten direla dio, eta jendeak «kristalezko harresi bat» jartzen duela eraikin horren eta haien artean: «Ideia bazen Hamabostaldia ezagutaraztea, baina baita hiriko gainontzeko kultur eskaintza ere. Jendeak ez dezan pentsa eraikin horiek intelektual gutxi batzuentzat edo erosahalmen handia dutenentzat direla».
Beraz, horri guztiari buelta emateko jarri zuten martxan #SOLasean. Bi adin tarte bereizten dituzte: 18-30 urtekoak eta 30-55 urtekoak. Dena den, adinari buruz galdetuta, Itziar Larrañaga komunikazio arduradunak dio ez dutela oztoporik jarri nahi: «Inoiz ez da berandu zuzeneko musikaz gozatzen hasteko». Kontzertu bakoitzeko 6-10 pertsonak osatutako taldeak sortzen dituzte. Kontzertua baino lehen elkartzen dira haiekin, ikusiko dutenaren berri emateko: «Kontzertuaren aurretik ikusiko dutenari buruz zertzelada batzuk ematen dizkiegu, galduta ez sentitzeko eta xehetasun batzuetan arreta jartzeko. Azken finean, esperientziaz gehiago gozatu ahal izateko», esan du Canok.
Ezezagunaren inguruan beldurra sentitzea
Bada hirurek aipatzen duten beste faktore bat: ezagutzen ez den horren inguruan beldurra sentitzea. Larrañagak dio, askotan, aurrez pentsaturiko ideietatik abiatzen garela, eta horrek ez digula errealitatea den bezalakoa ikusten uzten. Hori transmititu beharraz mintzo da Cano, jende berria erakarri ahal izateko: «Gauza batzuek sinpleak dirudite. Adibidez, txalo egitearena. Hasiera batean, zerbait erraza dirudi, baina batzuk deseroso sentitzen dira ez dakitelako noiz egin behar den txalo, eta horrek jendeari lotsa ematen dio». Arroparena ere kezka iturri izan daiteke batzuentzat: «Jendeak pentsatzen du dotore jantzita joan behar dela, baina hori ez dago inon idatzita», dio Alfayak. Ildo horretan, Alfayak operara joatea zinemara joatearekin konparatzen du.
Hala ere, egia da egungo gizartean ez dagoela ondo ikusia zerbaiten aurrean ezjakin sentitzea. Eta horrek, halabeharrez, musika klasikoari ere eragiten dio. Hori onartzea eta nork bere burua egoera horretan jartzea ariketa polita izan daiteke, ordea, eta horretarako ere balio du #SOLasean-ek: «Jendeari beldurra ematen dio ulertzen ez duen zerbaiti aurre egin behar izateak. Pentsatzen dute ‘Ez dut obra ulertuko edo ez dut jakintza nahikorik obra honi buruz. Hortaz, ezingo dut gozatu’, baina uste dugu egoera horretan ere gozatu daitekeela, eta horregatik animatzen dugu mundu guztia parte hartzera, jendea gero harritu egiten baita». Larrañagak dio egitasmoaren helburua dela gauza horiek guztiak «ahalik eta modu goxoenean» deskubritzea. Alfayak biribildu du hausnarketa: «Honen guztiaren atzean honako ideia dago: proba ezazu. Etorri, ikusi, eta zure kabuz erabaki».
Jokaldia komentatzeko aukera
Ikuskizuna amaitzen denean, parte hartzaileak berriro elkartzen dituzte, bizi dutena partekatzeko. Dena oso modu informalean egiten da, pintxo batzuen bueltan. Canok gogoan ditu «estasizko erreakzioak», eta uste du sentipen horiek taldetxoan partekatzeak zuzeneko gozamena «indartzen» duela: «Beti da aberasgarria ikusi duzuna komentatzea, beste arrasto bat uzten du».
Parte hartzaileen artean sortzen diren elkarrizketak ere interesgarriak direla dio: «Batzuei oilo-ipurdia jartzen zaie obraren uneren batean, besteek arreta gehiago jartzen dute zuzendariarengan…». Horri lotuta, esperientzia «interaktiboa eta aldebikoa» dela azpimarratu du Canok, eurek ere kontuan hartzen baitute parte hartzaileen iritzia: «Beraien ikuspuntua interesatzen zaigu, jendea nola mugitzen den ikusteko balio baitigu».
Positiboki baloratzen dute programa martxan jarri zenetik izan duten harrera, eta, orokorrean, Canok aipatu du jendeak errepikatuko lukeela esaten duela. Batzuk operara joateko ohitura ere hartu dutela aipatu du Alfayak, urtean behin edo bitan bada ere. Zentzu horretan, zuzenekoen beharraz mintzo da Cano: «Kontsumo ohiturak aldatu dira, orain jendeak plataforma digitaletan kontsumitzen du, baina guk zuzenekoa sustatzen dugu». Larrañagak azpimarratu nahi izan du #SOLasean-erako«proposamen erakargarrienak eta ikusgarrienak» hautatzen dituztela, baina jaialdiaren eskaintza hortik harago doala. «Lehentasuna hastea da, probatzea, eta norberak topa dezala bere Hamabostaldia».