Donostiako Musika Hamabostaldiak lau kontzertu eskainiko ditu doan
83. Donostiako Musika Hamabostaldiak doako lau kontzertu eskainiko ditu bere inaugurazio egunean, abuztuak 2an. Kontzertu horien protagonistak Trio Artio, Liana Gourdjia eta Josu Okiñena, Kea Ahots Taldea eta Oñatiko Ganbara Abesbatza izango dira. Eguneko lehen bi kontzertuak eguerdiko 12:ooetan izango dira, Udaletxeko Batzar Aretoan eta Kursaaleko Foyerran. Udaletxean Trio Artio taldea ibiliko da, Judith Fiedl biolinista austriarrak, Christine Roider biolontxelo-jotzaile alemaniarrak eta Johanna Estermann pianista austriarrak osatzen dutena. Hirukoteak Beethoven eta Brahms konpositoreek piano hirukoterako idatzitako piezak eta Mel Bonis konpositoreak konposatutako Soir-Matin erromantikoa interpretatuko dituzte.
Kursaaleko Foyerran Liana Gourdjia biolonista eta Josu Okiñena pianista egongo dira. Kontzertu honetan Jesus Guridi, Gabriel Erkoreka eta Pascual Aldave euskal konpositoreen lanak landuko dituzte, George Greshwin konpositorearen Porgy and Bess operaren biolin eta pianorako J. Heifetzen transkripzioarekin eta Schubert-en Fantasia do Maiorrean lanarekin batera. Arratsaldeko 18:00etan berriz, Udaletxeko Batzar Aretoan Kea Ahots taldea egongo da. Sorozabal konpositore donostiarraren hainbat kantu emango dituzte bere 125.urteurrenean Enrique Azurza zuzendariaren gidaritzapean eta June Agirreren gitarrak lagunduta. Oñatiko Ganbara Abesbatzak gaueko 20:30etan eskainiko du bere kontzertua San Vicente Elizan. Aitor Blain zuzendariaren gidaritzapean nazioarteko naiz euskal konpositoreen lanak eskainiko dituzte bere “Inspiratio” izeneko programan, XVI. mendetik XX.erako obrekin.
Doako kontzertu hauetaz gain, hurrengo egunetan kontzertu ugari eskainiko ditu Donostiako Musika Hamabostaldiak abuztuaren 28rarte. Egitaraua hemen ikusi dezakezue.