Donostiarrak Getxoko bandera astindu du, denboraldiko hirugarrena
Donostiarrak bide onetik jarraitzen du, larunbatean denboraldiko hirugarren bandera astindu baitzuen Arkaitz Diaz patroiak, Getxon (Bizkaia). Hondarribiarekin gogor lehiatu zen, baina, azkenean, segundo bateko aldea atera zion, garaipena eskuratzeko, 19:51.62 minutuko denborarekin. Igandean, Lekeitioko (Bizkaia) uretan lehiatu ziren, eta orduan bai, Hondarribia atera zen garaile, eta Donostiarra hirugarrena izan zen. Honenbestez, Donostiarra Eusko Label Ligako bigarren sailkatua da, 108 punturekin; Hondarribia da lehenengoa, hiru puntu gehiagorekin.
Euskotren Ligari dagokionez, Donostia Arraun Lagunak bigarren izan zen larunbateko estropadan, Getxon, Orio baino bi segundo beranduago helmugaratuta. Igandean, gauza bera gertatu zen Lekeition, baina orduan Oriok bederatzi segundo atera zizkion Donostia Arraun Lagunaki. Bi estropadetan, Donostiarra laugarren iritsi zen helmugara. Horrela, Donostia Arraun Lagunak ligako bigarren sailkatua da, 26 punturekin, Orioren atzetik (30 puntu). Donostiarra, aldiz, hirugarrena da, 13 punturekin.
KAE 2 Ligan, Donostiarra B Astilleroko Banderan lehiatu zen larunbatean, eta laugarren postuan amaitu zuen, Lapurdi garailearen hamazazpi segundora. Horrela, ligako bigarren postuan dago Donostiarra B, 48 punturekin, Lapurdiren atzetik (63 puntu).