Alex Sola lehenengo taldera, Nais Djouahra Rijekara
Alex Sola eskuin hegaleko jokalari donostiarrak maiatzean 2026ra arte luzatu zuen bere kontratua Realarekin, eta lehenengo taldera saltoa eman du orain. Joseba Zaldua Cadizera joan ostean, Solak hartuko du bere postua, eta baita bere dortsala, 2a, ere.
Sola kimuen kategorian heldu zen Realera, eta elastiko txuri-urdina defendatu du ordutik. Azken bi urteotan, hainbat lesio pairatu behar izan ditu, baina horrela ere, minutu asko izan zituen pasa den denboraldian Reala Bn, eta denboraldi ona egin zuen Bigarren Mailan. 22 urterekin iritsi da lehenengo taldera, eta Imanol Alguacilen aginduetara egongo da aurrerantzean. Jokalaria pozik agertu da eman berri duen saltoarekin: “Harro egoteko modukoa da entrenatzaileak etxeko jokalariengan konfiantza izatea”. Donostiar gisa, bere hiriko taldean jokatzeak “ilusio handia” ematen diola nabarmendu du.
Nais, Kroaziara
Nais Djouahra Reala Bn aritu zen pasa den denboraldian Solarekin batera, baina Donostiatik urrun jarraituko du bere ibilbidea, HNK Rijeka talde kroaziarrak eta Realak akordioa itxi baitute Djouahra Rijekara joateko. Kroaziarrek 750.000 ordainduko dituzte aurrelariarengatik, eta Realak berrerosketa aukera bat gorde du. Era berean, etorkizunean jokalaria beste talde batera salduko balute, Realak salmenta prezioaren zati bat jasoko luke.
Klub txuri-urdinak “eskerrak” eman dizkio Djouahrari, klubean egondako lau denboraldietan “erakutsitako profesionaltasun eta konpromisoarengatik”. Horrez gain, “hoberena opa dio bere etorkizun pertsonalean eta profesionalean”.