Aste Nagusian ziztadekin "bereziki adi" egongo direla nabarmendu du Goiak
Azken asteotan ugaritu egin dira Euskal Herriko hainbat herritako jaietan ziztadak pairatu dituzten emakumeen salaketak, eta heltzear den Donostiako Aste Nagusira begira, Eneko Goia alkatea “kezkatuta” agertu da: “Ikusten ari garena ikusten ari garela, ziztaden gaiak ere kezkatzen gaitu, sexu eraso guztiekin batera; hori baita jaiei begira daukagun kezka nagusia”. Hain zuzen ere, Baionako jaietan (Lapurdi) 100dik gora ziztada salatu zituzten, eta salaketak izan dira ere Bilbon, Santurtzin, Etxebarrin, Zierbenan (Bizkaia), Zarautzen, Villabonan, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba).
Goiak gaineratu du bihar, hilaren 3an, segurtasun bilera daukala udalak Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin, Aste Nagusira begirako operatiboak zehazteko, eta “ziztaden gaia mahai gainean” egongo dela “dudarik gabe”.