Frankismoak udal langileen eta kargu publikoen kontra egindako krimenen aurkako kereila jarriko du udalak
Donostiako Udalak kereila bat jarriko du hiriko epaitegietan, frankismoak udaleko 24 langileren eta kargu publikoren aurka egindako krimenen aurka. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur, hilak 2, onartu du erabakia, baina Eneko Goia alkateak nabarmendu du “bide luzea” egin duela egitasmoak, Tokiko Gobernu Batzordera heldu aurretik: “Udalbatzarrak onartu zuen bere garaian, eta pertsona eta eragile askoren lanaren emaitza da”. Hain zuzen ere, bidean Udal Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialak, memoriaren aldeko elkarteek, talde politikoek, sindikatuek eta Giza Eskubideen Batzordeak parte hartu dutela nabarmendu du alkateak.
Udal Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialak egindako ikerketaren bidez, txosten bat egin dute, frankismoak eraildako 24 udal langileen eta kargu publikoen kasuekin. Horrela, udal langile eta kargu publiko horietako hainbaten senideekin harremanetan jarri da udala, eta jakinarazi die euren senideen eskubideak aitortzeko eta berrezartzeko asmoa duela. Alkateak nabarmendu du senideek “begi onez” ikusi dutela udalaren asmoa.
“Hiriko historian garrantzi handia izan zuen denboraldi bat gogora ekarri eta ezagutzera emateko pausoak ematen ari gara”, gehitu du Goiak. Horrela, udalak gaian aditua den abokatu bat kontratatuko du kereila jartzeko. Jazarritakoen izenean jarriko dute kereila, alkateak azaldu duenez, udalak “zilegitasuna” duelako kereila jartzeko, 24 pertsona horiek jazarrita “pairatu zituen kalteengatik”.
Goiak azaldu du “errepublikaren legezko gobernuaren aurka altxa zirenen kontra” jarriko dutela kereila, eta beste herri eta hiri batzuek ere jarri izan dituztela halako kereilak: “Iruñeak pasa den legealdia egin zuen, eta Gasteiz ere aztertzen ari zen”.